Aizpea Goenagak, Alaitz Olaizolak, Idoia Gereñuk eta Sara Cozarrek sortutako hiru liburukiek antzerkia erabiliko dute lurraldeko iragana ikasleengana gerturatzeko.
Historia ez da datak eta gertaerak buruz ikastea bakarrik. Zer gertatu zen ulertzeko, ordea, garai bateko pertsonen bizitzetara eta haiek hartu zituzten erabakietara hurbiltzea ere lagungarria izan daiteke. Ideia horretatik abiatuta sortu dute Aizpea Goenagak, Alaitz Olaizolak, Idoia Gereñuk eta Sara Cozarrek 1000 IpuSkoa… 10 Antzerki. Gure antzerkitik gure historiara, Gipuzkoako historia antzerkiaren bidez ikasgeletara eramateko hiru liburukiko gida didaktikoa.
Proposamenak hamar antzezlan biltzen ditu, eta horien bidez lurraldeko historiaren hainbat etapa zeharkatzen dira, Gipuzkoako bailaretan gertatutako pasadizo, pertsonaia eta aldaketa sozialetatik abiatuta. Ikasleek, beraz, ez dute iragana testu baten bidez soilik aztertuko: pertsonaiak antzeztu, rolak hartu eta garai bakoitzaren testuinguruan kokatu beharko dute.
Antzezlan bakoitzak dagokion garai historikoa lantzeko materialak ditu, baita dramatizazioarekin, adierazpenarekin, musikarekin eta talde-lanarekin lotutako proposamenak ere. Horrela, historia ezagutzeko ez ezik, beste garai batzuetan bizi ziren pertsonen ikuspegietara hurbiltzeko ere erabiltzen da antzerkia.
Goenagaren arabera, sorkuntza artistikoa eta, bereziki, antzerkia baliabide egokiak dira eskolan elkarlana, balioak eta hizkuntza lantzeko, baita kultura, historia eta ondarea ezagutzeko ere. Bildumaren abiapuntua Ipuskua da, idatziz jaso zen lehen alditik, XI. mendetik, mende bakoitzean gertatutako pasadizo batean oinarritutako antzezlanak proposatzeko.
Historia antzeztuz
1000 IpuSkoa… 10 Antzerki bildumaren planteamenduaren arabera, ikasleek pertsonaia baten rola hartzen dutenean historiari ez diote kanpotik begiratzen. Pertsonaiaren erabakiak eta jokabideak ulertu behar dituzte, haren garaiko baldintzak ezagutu eta beste ikuspuntu batzuekin harremanetan jarri.
Horrek aukera ematen du iragana ikuspegi desberdinetatik lantzeko eta norbanakoen bizipenak garai bakoitzeko aldaketa zabalagoekin lotzeko. Antzerkia, beraz, ez da ikasitakoa erakusteko azken urratsa bakarrik, historia ulertzeko tresna baizik.
Hiru liburukiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola programaren katalogoan sartuko dira. Ekimen horren bidez, Gipuzkoako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduek kultura-jarduerak kontrata ditzakete eskola-ordutegian garatzeko. Antzerkiaz gain, musikak, ikusizko arteek, ondareak, literaturak, dantzak, zirkuak eta ikus-entzunezkoek ere osatzen dute katalogoa.
Programaren beste helburuetako bat da kulturarako sarbidea ikasleen artean zabaltzea, haien bizilekua, ikastetxea edo familiaren egoera ekonomikoa baldintzatzaile izan ez daitezen. Aldi berean, Kultura Eskolak harremanak sortzen ditu kulturaren eta hezkuntza-komunitatearen artean, eta lurraldeko sortzaile eta eragileentzat jarduerak garatzeko bideak irekitzen ditu.
Antzerkia, Kultura Eskolaren diziplina nagusia
Kultura Eskolaren azken ikasturteko datuek erakusten dute antzerkiak pisu nabarmena duela programaren barruan. 2025-2026 ikasturtean, 115 antzerki-kontratazio egin ziren eta 252 kultura-saio eskaini ziren; jarduera horiek programako kontratu eta saio guztien %28 izan ziren.
Oro har, 88 ikastetxek parte hartu zuten programan iazko ikasturtean, eta 395 kontratazio eta 897 kultura-saio egin zituzten. 2024-2025 ikasturtean, berriz, 89 ikastetxek hartu zuten parte, 363 kontratazio eta 897 saio eginda.
2026-2027 ikasturterako Kultura Eskolaren deialdia dagoeneko zabalik dago. Ikastetxeek programaren katalogoan jasotako proposamenak aukeratu eta ikasturtean zehar garatu ahal izango dituzte, tartean 1000 IpuSkoa… 10 Antzerki bilduma berria.