Hiru urteko ikerketa eta herritarren parte-hartze prozesua ditu oinarri Urumeako Atlas Emozionala erakusketak. Artea, historia eta antropologia uztartuta, donostiarrek ibaiarekin dituzten bizipenak, oroitzapenak eta loturak jaso dituzte; 2027ko martxoaren 21era arte egongo da ikusgai Cristina Enean.
Urumea ibaiaren inguruan donostiarrek eraikitako bizipen, oroitzapen eta kontakizunei begiratzen die Urumeako Atlas Emozionala erakusketak. Ostiralean zabaldu zuten Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, eta izen bereko proiektuaren azken fasea da.
Erakusketa sentsoriala, murgiltzailea eta parte-hartzailea da, eta balio historiko eta kulturala duten piezak instalazio interaktiboekin uztartzen ditu.
Hiru urteko ikerketa prozesuan inkesta pertsonalak, lantaldeak eta saio irekiak egin dituzte, herritarrek Urumearekin dituzten lotura afektibo, sozial, historiko eta egunerokoak identifikatzeko. Prozesu horretatik gehien errepikatu diren hamar gai atera zituzten, eta urte hasieran argitalpen batean bildu zituzten. Orain, gai horiek erakusketa espaziora eraman dituzte, irudi, soinu, objektu, ekintza eta instalazioen bidez.

Helga Massetani Piemonte Bitamine Kultur Elkarteko zuzendari eta komisarioak garatu du erakusketaren ikusmolde artistiko eta kuratoriala. Helburua ez da ikerketaren emaitzak modu dokumentalean soilik aurkeztea, baizik eta bildutako istorioak, emozioak eta memoriak bisitariek “egin, entzun, behatu eta aktibatu” ditzaketen esperientzia bihurtzea.
Erakusketak Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak lagatako grabatu, gouache, pintura eta objektuak ere biltzen ditu. Pieza historikoekin batera, hainbat sortzaileren lanak daude: Nagore Legarretaren Ibaia ez da toki bat proiektuko irudiak eta Xabier Erkiziaren eta Iñaki Rifaterraren lanak, besteak beste.
Atlaserako berariaz sortutako proposamenak ere badira. Jaime de los Rios artista bisualarekin Donostiako setioari eta erretzeari lotutako bideojokoa egin dute; Usandizaga Institutuko ikasleekin performanceak; Izaskun Lapaza eta Lander Garroren dantza eta ikus-entzunezko pieza, Igartubeitin sagardoaren inguruan egina; eta Plus 55 programako emakumeekin Urumeako zubien brodatuak. Beatriz Sanz Montes eta Eneko Lekuonarekin diseinatutako soinu esperientziak ere jaso dituzte, tartean Ibaizoriontasuna/Fluviofelicidad.
Dimentsio parte-hartzailea Urumeako Atlas Emozionalaren elementu nagusietako bat da. Erakusketa bisitatzen duten pertsonek ez dute soilik ikusleen posizioa betetzen: haien presentziak, mugimenduek eta ekintzek hainbat instalazio aktibatzen eta osatzen dituzte. Urumeako Atlas Emozionala 2027ko martxoaren 21era arte bisitatu ahal izango da Cristina Enean.