(argazkia: Loraldia)

‘Hautsi da Anphora zuzenean’ diskoa aurkeztu dute Loraldia Festibalaren barruan

1980an Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora izeneko diskoa kaleratu zuen. Bere lehen diskoa zen eta Bernardo Atxagaren hitzekin osatu zituen lanak biltzen zituen abestiak. Iazko Loraldian disko horretan oinarritutako kontzertu bira egin zuten eta horren emaitza da gaur aurkeztu duten Hautsi da Anphora zuzenean izeneko CDa.

Bernardo Atxagak 1978. urtean argitaratu zuen ordura arteko euskarazko poesia moldeekin hautsi zuen Etiopia liburua. Bi urte geroago, Pott Banda literatura taldearen parte zen Ruper Ordorikak Hautsi da Anphora diskoa osatu zuen liburu hartako poemekin, jazz, pop eta folkean aritzen ziren musikariekin lagunduta. Orduan inork gutxik laudatu bazuen ere, idazle eta musikarien arteko elkarreraginetik sortzen joan den kantagintzaren ernamuintzat hartzen da gaur disko hura.

Loraldia Festibaleko kideek adierazi dutenez, “bai diskoak bai liburuak poesia eman diote Bilboko paisaiari eta mugaz haraindi zabaldu dute haren izena”.

Lau hamarkada beranduago, 2022. urtean, diskoaren kanta guztiak berreskuratu eta plazarik
plaza eraman zituzten Loraldia eta Korrika Kulturalaren eskutik, antolatutako produkzio eta bira txiki batean. Arrakasta handiz abiatu zen bira hunkigarri horrek Pott bandako sortzaileak batu zituen agertoki gainean Loraldian, esaterako, Josemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla izan ziren. “Euskal kulturarako une historikoa izan zen”.

Kontzertu horretan Ordorikak eta Mugalaris bandak Hautsi da anphora diskoan bildutako abestiak eraman zituzten oholtzara berriro ere. Haiekin batera, Bernardo Atxagak testu literarioa ondu zuen, gaur egungo begiradatik bildutako gogoetak, eta Pott bandako lagunak elkartu ziren berriro.

Pamiela argitaletxeak orain, bira txiki horren zuzeneko grabazioa argitaratuko du eta kantak eta Atxagaren testuak ere grabazio berean jasoko dira. “Dokumentu hau gure kulturaren memoria da eta Pamielak ardura hartu du. Littera & Musika sailean argitaratuko du”.

Lan berrian, Pott bandaren akordeak, Eguillorren iruditegia, Gabriel Aresti edota surrealismoaren keinuak jasoko dira. “Orain dela berrogei urte luze sortu zen unibertso oso bat eta gaur egun oraindik garaikidea dena”.

Zabaldu: