(argazkia: Haziberri)

Haziberri jaialdia antolatu dute uztailaren 14an Gernikan

Jon Maiak, Zea Mays taldeko Aiorak eta Petik, Eirek, Mogumbo Brass Bandek eta TPR dj-ak osatuko dute 2023ko Haziberri jaialdiaren kartela. Kontzertua uztailaren 14an, ostirala, izango da, Europako Herrien parkean. 

Haziberri jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute uztailaren 14an, Gernikan. “lehenengo urteko ilusio eta urduritasunarekin jarraitzen dugu, Gernikako Europako Herrien parkean, ahalik eta iluntze/gau politena sortu eta konpartitzeko ahaleginean”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioan “zuzeneko ordu gehiago, askotariko eskaintza eta aberatsagoa” osatu dutela nabarmendu dute. Izan ere, kontzertu guneko agertokiaz gain, atsedengunean, Euskal Herria Museoko atzeko lorategian, zuzeneko musikaz gozatzeko espazio bat sortuko dute.

Aurtengo karteletik lehenbizi, Kantu bat gara aipatu nahi izan du antolakuntzak, Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak sortutako egitasmoa. Maiak 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat, horietako batzuk Ken Zazpi, Gari, Anari, Benito Lertxundi edota Negu Gorriak bezain adierazgarriak. “Arrakasta handiz Euskal Herri osoan Kantu bat gara aurkezten ibili eta gero, lehen disko-liburuan oinarritutako azken kontzertua, azken aukera ikusteko aukera egongo da gonbidatu bereziekin”.

Bigarren proposamena euskal rock-ean eragin handienetakoa izan duen taldea da: Zea Mays. 26 urteko musika-ibilbidea, eta guztira hamaika disko plazaratzea, taldeak egindako ibilbide oparoaren testigu dira. Oraingoan akustikoan eskainiko dute kontzertua, Pitiren gitarrak eta Aioraren ahotsak bat eginez.

Haziberrira gonbidatu dituzten gainerako artistek atseden gunean egingo dute zuzenekoa. Eire, Mogumbo Brass Band eta TPR dj-a izango dira.

Sarreren prezioa 25 eurokoa izango da eta salgai daude jada haziberri.eus atarian. Gainera, aurten Gernikako Euskal Herria Museoa dohainik bisitatzeko aukera ematen du kontzertuko sarrerak, 2023ko urtea bukatu aurretik.

Antolakuntzak azpimarratu nahi izan du euria eginez gero egun bat atzeratuko dela kontzertua, uztailaren 15era, alegia.

 

Zabaldu: