(argazkia: Durangoko Azoka)

Sortzaileen lana eta ekarpena aitortuko ditu 61. Durangoko Azokak

Andoni Beristainek sortu du abenduaren 4tik 8ra egingo den azokaren iruditeria, kultur sorkuntzan erabiltzen diren tresnak ardatz hartuta. Euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturzale berriei ere egin diete gonbita.

Durangoko Azokak euskal sortzaileen lana eta sorkuntzaren atzean dagoen ahalegina nabarmendu nahi ditu 61. edizioan. Abenduaren 4tik 8ra egingo da azoka, eta iaz 60. urteurrenaren harira hartutako DA! Kulturaren Jaialdia izendapenari eutsiko dio. Aurtengo iruditeria aurkeztu dute Durangoko Landako Gunean.

“Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”, azaldu du Beñat Gaztelurrutia azokako koordinatzaileak. Sortzaileen ekarpena ikusgarri egitearekin batera, euskal kulturara gerturatzen ari diren kulturzale berriei ateak ireki nahi dizkiete. “Nahi genuke piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea”, adierazi du Gaztelurrutiak.

Proposamen bisuala

Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du aurtengo proposamen bisuala. Euskal kulturaren aberastasuna eta sorkuntza analogikoaren balioa hartu ditu abiapuntutzat, eta hainbat diziplinatako objektuak jarri ditu irudien erdigunean: irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea, besteak beste.

“Asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da”, azaldu du Beristainek. Teknologia berriak iristearekin batera tresna horietako asko desagertuko zirela uste bazen ere, gaur egun bizirik dirautela eta batzuek beren lekua berreskuratu dutela nabarmendu du. Koloreen, testuren eta etxeko moketaren antzeko atzealdearen bidez, “giro goxo eta gertukoa” sortu nahi izan du.

Zumarragan jaioa, Beristainek Bartzelonan egin zituen diseinu grafikoko ikasketak, eta gaur egun Donostian du estudioa. Euskal Herria, euskara eta bertan bizitako esperientziak ditu bere sormenaren sustraitzat. Durangoko Azokaren iruditeria sortzeak, gainera, aspaldiko ametsa betetzea ekarri dio.

Zabaldu:

Utzi erantzuna