(argazkia: Hitzen Lihoa kultur elkartea)

Hitzen Lihoa kultur zikloa egingo dute azaroaren 8tik 12ra Oiartzunen

Seigarren edizio honetan, utopiaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.

Hitzen Lihoa kultur zikloa antolatu dute izen bereko elkarteko kideek azaroaren 8tik 12ra bitartean, Oiartzunen. Urtero bezala, gai baten bueltan antolatu dute egitaraua. Seigarren edizio honetan, beraz, utopiaz aritzeko diziplina ezberdinetako artista eta pentsalariak gonbidatu dituzte.

Antolatzaileek garrantzitsutzat jo dute artea eta kultura gertatzen diren guneak eragitea, elkartzeko eta partekatzeko uneak bultzatzea eta hartzaileak sortzea. Hori du helburu kultur zikloak. “Bost egunez literatura, bost egunez hausnarketa, musika, analisia, bertsoa, gozamena, kritika, taldea, sormena, kolorea, eraldaketa, forma. Bost egunez utopiaz pentsatzea eta utopia praktikatzea; gizarte hobe bat irudikatzea eta entseatzea. Sinistuta baikaude hori dela bidea. Hori dela utopien lekua”, adierazi dute.

Aurtengoa seigarren edizioa du Hitzen Lihoak. Literatura, antzerkia, musika, bertsoa eta arte plastikoak ardatz hartuta, kulturari beste plaza bat ematea du helburu: “lehendik sortutakoei begiratzeko eta berriak sortzeko, Euskal Herriko eta herriko artistei lekua egiteko eta haur, gazte, heldu zein adinekoak kulturara hurbilarazteko”.

Utopia gaitzat hartuta, hauxe da aurtengo egitaraua:

Azaroaren 8an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, manifestua. Landetxe Kultur Aretoan. Jarraian, Popperra, afterra, utopia emanaldia gune berean. Etorkizunaz idazteko eskatu zioten Danele Sarriugarteri, eta orainean ez etsitzearen garrantziari eskaini zion Popperra, afterra, utopia izeneko testua. Dantza egitea izan daiteke biharra eraikitzeko modu bat, eta horretan lagun izango ditu Miren Narbaiza musikariaren doinuak, literatura eta musika, beste bide batzuen bila. Gonbidapena eskuratzeko, hemen.

Azaroaren 9an, berriz, Utopia edo distopia: norantz goaz? pote filosofikoa antolatu dute arratsaldeko 19:00etan, Landetxe tabernan. Alba Garmendiaren eskutik, utopiaz pentsatzeko eta hitz egiteko aukera izango da, “beharbada pentsamenduarekin eta hausnarketarekin lotzen ez dugun leku batean: tabernan. Pote filosofikoek horixe baitute ezaugarri: trago bat eskutan hartuta, tabernako elkarrizketa elkarrizketa filosofiko izan dadin ahalegintzen gara. Garmendiak irekiko digu bidea hitzaldi labur batekin, eta, ondoren, bertaratutakoen artean sortuko dugu elkarrizketa”, azaldu dute.

Hurrengo egunean, azaroaren 10ean. Utopia: espekulazio-ariketak hitzaldia izango da 18:30ean, Landetxe Kultur Aretoan. Oier Guillanek gidatuta, Lorea Agirre eta Harkaitz Cano etorkizun desiragarrien inguruan espekulatzen jarriko dituzte. “Nolakoa da biharko egun desiragarri hori? Zer utopia kultural irudikatu dezakegu Euskal Herriarentzat? Arteak eta kulturak zer eginkizun dute irudikapen horretan? Nola zeharkatzen du hizkuntzak utopia, eta utopiak hizkuntza? Galderak izango dituzte abiapuntu, eta, beharbada, erantzunak jasoko ditugu”.

Azaroaren 11n goizeko 11:00etan, Utopiaren idazketa plastikoa. Zer da utopia zuretzat? Tailerra antolatu dute Arizmendienean. “Erronka sentsoriala da Nagore Legarretak gidatutako lantegi honetan garatzea proposatu dietena parte-hartzaileei. Hala, galdera honi erantzutea eskatuko diete etorri aurretik: “Zer da utopia zuretzat? Erantzuna papertxo batean idatzita ekar ezazu. Adi! Egitarau zabala izango duzu aurreko egunetan erantzuna estimulatzeko. Indibidualki eta modu arrazionalean erantzundako galdera, erantzun kolektibo eta sentsorial bihurtuko dugu: utopiaren idazketa plastiko. Jolasaren misterioa ez da aldez aurretik biluztu nahi, baina jakin: argia, proiekzioak, materialak, opakotasuna eta gardentasuna izango dira gure lan tresnak”. Lantegi honetan parte-hartzeko aurretik izena eman beharko da hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita, azaroaren 9a baino lehen.

Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Jausiz eta Hitz esana izeneko emanaldiak eskainiko dituzte, Landetxe Kultur Aretoan. Jausiz poesia liburuan oinarritutako emanaldia ondu dute Alain Mendizabalek, Izar Aizpuruak eta Josu Ibargurenek. “Edozein gorputz, bere pisuak eraginda, beherantz joatea da jaustea. Jausi ohi dira zuhaitzak, ametsak eta baita malkoak ere. Azken horien eskutik datoz argitaratuko den bildumako poema ia guztiak. Hausnarketa, elkarrizketa eta dantza; poesiatik, baina poesiaz haratago, liburu aurkezpen bat izan zitekeen honetan”.

Bestetik, Eider Adeletxe eta Ane Zubeldia Mejillon Tigreko kideek sortutako emanaldia da Hitz Esana: spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia, errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen diona. “Bi gorputz, 15 bat pieza indibidual, eta poesia emanalditik baino kontzertutik gertuago egon nahi duen formatua. Esateko ez baita gauza handirik behar: jasotako guztiarekin eta horren kontra aritzea”.

Bi emanaldien artean, jan-edana izango da Landetxe tabernan. Sarrerak sarrerak.oiartzun.eus webgunean daude eskuragarri, edo egunean bertan, leihatilan 10 euroren truke.

Aurtengo zikloari amaiera emateko, azaroaren 12an, igandea, Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraitua antolatu dute goizeko 11:00etan, Kontzejupean. 2013an argitaratu zuen Miren Agur Meabek liburua. Herritarren artean irakurriko dute testua, ahoz gora, beste plaza bat hartu dezaten orain arte liburuan egon diren hitzek. “Nahi duen orok parte har dezake, aurretik izena emanda. Literaturaz gain, kafea eta pastak izango dira”. Izena emateko hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzi beharko da, azaroaren 3a baino lehen.

Eguerdiko 14:00etan, bertso-bazkari literarioa antolatu dute Girizian. Kristalezko begi bat liburuan oinarrituta, idazleak berak egingo du gai-jartzaile lana; bertsotan, berriz, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin ariko dira, bertsoaren eta literaturaren topagune honetan.

Sarrerak Landetxe tabernan, edo hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzita eskura daitezke: orokorra 20€, langabetuentzat 15€, bertso-saioa bakarrik 5€.

Zabaldu: