(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatu dute, Iruñean

Euskalgintzaren Kontseiluaren deiari erantzunez, ehunka herritar bildu ziren ostiralean, Iruñeko kaleetan, etorkizuneko politiketan eskubide murrizketak egon ez daitezela aldarrikatzeko.

Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, Baluarte plazatik abiatu eta Sarasate pasealekuan amaitu zen manifestazioa, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartzearekin.

Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berria izan du mintzagai; iraganeko politikak uxatu, eta kohesioa, berdintasuna eta justizia helburu, euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko adostasun batzuetara iristeko beharra aldarrikatu zuen.

Bilbaok gogora ekarri zuen duela hogei urte Kontseiluak euskaldunon eskubideen defentsan lan egiteko Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuela. Eta hain zuzen, asteartean bi erakundeetako ordezkariek egindako agerraldian adierazi bezala, Behatokiaren hasierako ekimena izan zen orduko Nafarroako Gobernuak argitaratutako zenbat deialdiren kontrako errekurtsoak jartzea. “Esan behar dizuet azken bi urteotan pare bat hamarkada egin dudala atzera, déjà-vu antzekoa sentitu dudala”, adierazi zuen. Izan ere, “azken bi urteotan Nafarroako Gobernuak argitaratu dituen ehunka lan deialditan duela bi hamarkadako politika ilunetan erabiltzen zituzten irizpide berberak baliatu dituzte”.

Herritarren eskubideak aztergai

Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berriaren harira, Kontseiluko ordezkaria oso kritiko agertu zen ostiralean. Izan ere, “filtrazioen bidez ari dira dekretuaren gaia gizarteratzen, eta horrela, eztabaidaren muina haiek erabakitako puntu batzuetara eramaten ari dira”.

Bide horretan, Bilbaok adierazi bezala, “eztabaida ezin da mugatu ea euskararen ezagutza alemanaren, ingelesaren edo frantsesaren parekoa izango den zehaztera, euskara ez eta gainerako hizkuntzak baloratzea, duela hogei urteko politika ilunetara itzultzea litzatekeelako”. Sakoneko eztabaida Dekretu berriak euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatzean kokatzen dela aldarrikatu zuen: “Euskararen baloraziotik harago, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko dekretua izango den ala ez da aztertu beharrekoa”.

Bilbaok gogoan izan zuen duela bi urte auzitegiak euskararen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zuela, eta hori zuzentzeko prestatu behar zutela Dekretu berria:  “Gobernuak esan zigun baliogabetutako artikuluak berridatzi eta babes juridikoa izan dezaten dekretu berria jorratzen hasiak zirela, eta azkar onartzeko asmoa zutela. Kontua da baliogabetutako artikuluak zuzentzeko baino, atzerapausoak egin eta herritarren eskubideen urraketak betikotzeko neurriak bilduko dituen dekretua prestatzen ari direla”. Eta, beraz, “hitza ez betetzeaz gain, euskararen ezagutza baztertu nahi dute etorkizuneko hainbat lan-deialditatik, ondorioz, hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuz” azaldu zuen.

Horregatik guztiagatik, Kontseiluko eledunaren arabera, gizarte kohesionatu, justu eta berdinzalea ardatz izango dituen politika batek ezin du herritarrak baztertuko dituen arau bat aurrera eraman.

Bilbaok eragile politikoei dei egin zien oinarrizko adostasun batera iristeko. “Zeinek bere arduratik, zeinek bere erantzukizunetik… baina marra gorri batzuk, gutxieneko batzuk, adostu behar ditugu”. Eragile politikoez gain, euskalgintzari, eragile sozialei zein eragile sindikalei egin zien erreferentzia, eta adostasun horietara iristea “ezinbestekoa” dela adierazi zuen, “Dekretuarekin hogei urtera atzera egin ez dezagun, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu ez daitezen”.

Zabaldu: