Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketa antolatu dute, Gasteizen

Lurralde ezberdinetako kideek hizkuntzen biziberritzearen zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko aukera izango dute lau egunez, bai eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko ere. Parte hartu nahi dutenek 18 eta 35 urte artean izan beharko dute.

Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa da HIGA, hizkuntza gutxituen biziberritzea eta nazioarteko komunitate ezberdinen arteko sarelana helburu duena. Ekimena 2023ko uztailean izango da Gasteizen, eta bertan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lau eguneko egitarauaren baitan, “komunitate ezberdinetako kideek hizkuntzen biziberritzearen zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko aukera izango dute, bai eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko ere”.

Goizeko saioetarako hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu dituzte eta Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen prestakuntza-programaren baitan egongo dira.

Bazkalostean, hiztun gazteen arteko elkarlana eta ekintzailetasuna sustatzera bideratutako lantegiak dinamizatuko direla iragarri dute.

Arratsaldero, hartu-emana eta elkar ezagutza esparru informalago batean ehuntzeko aisi-ekintza ezberdinak programatuko dira: kontzertuak, proiekzioak edota irteera kulturalak.

Plaza mugatuak egongo dira, beraz, izena eman nahi dutenek lotura honetan: https://cutt.ly/l8DaOiy egin beharko dute.

Informazio gehiagorako https://higagasteiz.wixsite.com/higa

Zabaldu: