'Zergatik Panpox' filma Zinegin jaialdian izango da ikusgai, Hazparnen

Euskal zinemaren askotariko begiradak bilduko ditu Zinegin jaialdiak Hazparnen

Azaroaren 18tik 23ra, film luzeak, dokumentalak eta film laburrak izango dira ikusgai. ‘Maspalomas’, ‘Zergatik Panpox’ eta ‘Muguruza FM 40 Tour’ daude egitarauan, musika eta bertsolaritza uztartzen dituzten beste hainbat proposamenekin batera.

Euskal zinemak hitzordua izango du aste honetan Hazparnen, Zinegin jaialdiaren eskutik. Azaroaren 18tik 23ra bitartean, askotariko ikus-entzunezko lanak eskainiko dituzte Haritz Barne zinema-gelan, fikziozko filmak, dokumentalak eta film laburrak uztartuz. Zinema-proiekzioez gain, musika-emanaldiak, bertsolaritza eta bestelako kultur jarduerak ere bilduko ditu egitarauak.

Film luzeen artean dago Maspalomas, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako lana. Vicente 76 urteko gizonaren istorioa kontatzen du, istripu baten ondoren Donostiara itzuli eta zahar-etxe batean bizitzera behartuta dagoenarena. Azaroaren 23an eskainiko dute, Haritz Barnen.

Arantxa Urretabizkaiaren eleberrian oinarritutako Zergatik Panpox ere izango da ikusgai. Amatasuna, bakardadea eta 1970eko hamarkadaren amaierako euskal gizartearen eguneroko bizitza lantzen ditu filmak. Bestalde, Muguruza FM 40 Tour dokumentalak Fermin Muguruzaren lau hamarkadako musika-ibilbidea jasotzen du, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi eta bakarkako jarduneraino.

Dokumentalen artean, Gutun bat Kottori lanak Kottoren bizitza eta heriotzaren inguruabarrak aztertzen ditu, lekukotasun pertsonalen eta artxiboko materialen bidez. Munstroak sortzen direnean filmak, berriz, Europako mugimendu faxista berrien gorakada du aztergai, ikuspegi antifaxista batetik. Guretako eztia lanak Euskal Herrian erleek heriotzarekin izan duten lotura kontatzen du, ikertzaile, erlezain eta haur talde baten arteko topaketen bidez.

Film laburrek ere izango dute lekua. Izarren zaunka, Muskuilu eta Puah! lanak eskainiko dituzte, baita Lekeitioko Euskal Zinebileran saritutako filmak ere. Bi jaialdien arteko elkarlanaren bidez, Hogeitabat, Geratzen den hori eta Mintzo zen lanak iritsiko dira Hazparnera.

Zinematik harago, Harri Kanta ikus-entzunezko instalazio interaktiboa izango da ikusgai. Euskal Herriko historia alternatibo baten inguruko proposamena da, eta ikusleek botoiak sakatuz aukeratu ahal izango dute kontakizunaren ibilbidea.

Bertsolaritzaren alorrean, Irisarriko helduen eskolako Peio Minhondo, Jean Marie Oillarburu eta Gus Elizondo ariko dira zine-bertso saioan, azaroaren 20an. Musikak ere izango du tartea Ttattola gaztetxean, Su Lamina taldearen eta Petra Comete zein Blu Kolective DJ proposamenen eskutik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna