Saiakera honetan bere betiko hainbat gai ageri dira: herria eta hizkuntza (bien galerak sortzen dion mina), idazlearen ofizioa, gizakion arteko harremanak, bere beldurrak eta ametsak, fedea, Jainkoa, eliza baina baita espiritualitatea ere. Heriotzaz ere ari da baina aurreko bi saiakeretan aritu zen moduan, ez gehiago.
Ganorexia du izenburu Iñaki Segurolak hil aurretik idatzita utzi zuen saiakerak. Idazle eta filosofoa pasa den apirilean zendu zen eta orain atera du argitara liburua Alberdania argitaletxeak. Ganorexia Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu dute Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak, Garbiñe Larrea Segurolaren alarguna eta liburuaren editoreak eta Beñat Muguruza ikerlariak.
Larreak adierazi duenez, “egoera normal batean pentsatzen dut Iñakik liburu honen izenburuari buruz hitz egingo zukeela, zer den «ganoraren anorexia» berarentzat eta hitzaurreari egingo zion aipamen, bertan azaltzen baitu nola sortzen zaion ganorexia hitza”.
“Esan dezakegu etxeko apalategian leku propioa hartzeko adinako ibilbidea egin duela Iñakik”, dio alargunak. Izan ere, guztira bost liburu idatzi ditu Ganorexiaren aurretik, eta horietatik lau saiakerak izan dira: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Nere gorringotik, Arrazoia ez dago edukitzerik eta Sed quia sua. Eta eleberri bat ere plazaratu zuen, 2021ean: Koiteretzia.
Segurolaren literatura ibilbidea ixtera heldu den Ganorexia saiakera honetan, etxean bezala sentituko da irakurlea, bere betiko hainbat gai aurkituko baititu bertan: herria eta hizkuntza (bien galerak sortzen dion mina), idazlearen ofizioa, gizakion arteko harremanak (bikotea ere bai tartean), bere beldurrak eta ametsak, fedea, Jainkoa, eliza baina baita espiritualitatea ere. Heriotzaz ere ari da baina aurreko bi saiakeretan aritu zen moduan, ez gehiago.
Larrearen esanetan, “Txirritaren itzala du liburu honek, Paul Austerrena ere bai eta, nola ez, Oteizarena. Pentsamendu ezbaikaria aurkituko du irakurleak, Sed quia sua idatzi ondoren bizitako eraldaketa pertsonalaren kutsua nabari baitzaio”.
Hausnartzeko abagunean
Larrea eta Gimenezekin batera, Aritz Galarraga ere aritu da editore lanetan, bere esanetan, Segurolaren azken liburua “opari bat da, Segurolaren liburu guztiak diren bezalaxe, bide batez. Opari bat, irakurleari eskaintzen diolako gaur egunean gero eta eskasagoa den eremu bat, abagune bat, pentsatzeko, zalantza egiteko, liburuan irakurriko dituenekin elkarrizketan aritzeko. Hori baitute meriturik handiena Segurolaren liburuek: esaten direnekin ados egon zein ez –eta batzuetan zaila da harekin ados egotea, beste batzuetan ezinezkoa gertatzen den bezala bat ez etortzea–, beti jartzen zaituzte martxan, mugitzen dute zerbait zure barruan”.
Galarragarentzat horretan zerikusi handia du, zalantzarik gabe, Segurolaren idazmoldeak. “Ez dago ondo idazterik. Barkatu: aurreneko pertsonan esango dut: nik ez daukat ondo idazterik”, aitortzen du Ganorexiaren hasieran. Galarragak adierazi duenez, “ondo ez, arrazoi dauka, Segurolak idazten baitu ezin hobeto, idazkuntzaren helburuak–irakurlea kitzikatzea, zirikatzea– ondo baino hobeto betetzen dituen neurrian”. Era berean, gehitzen du: “Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik”. Estilo hori, jakina denez, aurreko liburuetan ere demostratuta geratu denez, bakana da erabat euskaraz idazten dutenen artean.
“Segurolaren azken liburua da Ganorexia, eta badu errebisiotik, gazte garaiari, aurretik idatzitakoari begira jartzen baita batzuetan; gaurkotasunari zorrotz so egiten dio beste batzuetan; eta denboran zehar iraungo duten hausnarketak egiten ditu beti. Liburuak aurrera egin ahala, gero eta laburragoak diren hausnarketak, jakitunek gomendatzen duten laburtasunaren bertuteei kasu egingo baliote bezala. Bere burua inpugnatu edo argitu nahian, gainera, hausnarketa bakoitzak idazlearen beraren oharrak dakartza jarraian. buztanki deitzen die. Aurretik ere egin du halakorik, Arrazoia ez dago edukitzerik lanean, adibidez. Horregatik ere, Segurolaren azken liburu hau, azken puntu baino, ez ote den puntu eta jarrai bat, idazlearen obra irakurtzen jarraitzeko gonbidapen bat. Hori du on literaturak, bizitzaren aldean, idazlea gure artean ez denean ere, haren lanek bizi-bizirik jarraitzen dutela”.