(argazkia: Tabakalera)

Oier Bravoren ‘Lehendabiziko ordua’ audio-fikzioa estreinatu dute ‘Guau’ plataforman

Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioko lan saritua lau ataletan dago entzungai. Tabakalerak eta EITBk laugarren deialdia ere zabaldu dute, abenduaren 30era arte.

Oier Bravoren Lehendabiziko ordua audio-fikzioa entzungai dago gaurtik, azaroaren 19tik, EITBren Guau plataforman. Euskarazko soinu-fikzioa sustatzeko Tabakalerak eta EITBk antolatzen duten Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioko lan irabazlea da. Estreinaldiarekin batera, egitasmoaren laugarren deialdia aurkeztu dute Donostiako Tabakaleran.

Lau ataleko kontakizunean, gerra lehertzear dagoela, Ane aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean. Lera Estudioak ekoitzi du lana, Haritz Leteren zuzendaritzapean eta Sara Cozar aktore-zuzendari dela.

Biek parte hartu dute aktore gisa, Nerea Sanz, Ramon Agirre, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Karmele Larrinaga, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Egoitz Sanchez eta Nahikari Beltzarekin batera. Letek berak egin ditu soinu-diseinua eta nahasketa, Elena Setienek sortu du musika eta Alain Martinez Iribarrenek irudia.

Laugarren deialdia zabalik

Audio-fikzioaren estreinaldiarekin batera, Audiogile Berriak egitasmoaren laugarren deialdia iragarri dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak.

Aurtengo berrikuntza nagusia aurkeztu beharreko gidoien iraupenari dagokio: 90 minututik 40ra murriztu dute. Goñik azaldu duenez, aldaketaren helburua parte-hartzaile gehiago erakartzea eta lehen urratsak egiten ari diren gidoilariei bidea erraztea da.

Deialdian fikziozko hiru audio-gidoi proiektu hautatuko dituzte, bideragarritasuna eta kalitatea kontuan hartuta. Hiru finalistek 2.000 euroko diru-laguntza jasoko dute, baita Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategian prestakuntzako eta gidoia garatzeko egonaldi bana egiteko aukera ere.

Proiektu horietako bat ekoitzi eta zabalduko du EITBk. Epaimahaiak 2027ko maiatzaren amaieran jakinaraziko du zein lan aukeratu duen.

Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 30ean amaituko da, 12:00etan.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna