Ingurune digitalak hizkuntzaren estandarizazioan duen eragina aztertuko dute 21 adituk

Donostiako Tabakalera eraikinean izango da mintegia irailaren 12an eta 13an.

Mendeurreneko ospakizunetan murgilduta dago Euskaltzaindia aurten, urriaren 5an baina, amaiera emango dio urte osoan egitasmoz beteta egon den agendari. Aurretik baina, Akademiak azken jardunaldi bat antolatu du eta ingurune digitalak hizkuntzaren estandarizazioan duen eragina aztertuko dute 21 adituk Donostiako Tabakalera eraikinean, irailaren 12an eta 13an.

Hizlarien artean, besteak beste, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide edo Patxi Uribarren euskaltzainak izango dira; eta Iolanda Fernandez Casal (Real Academia Galega); Hans Van de Velde (Fryske Akademy); Vincenç Rivière (Lo Congres Permanent de la Lenga Occitana); Joaquim Rafel (Institut d’Estudis Catalans); Josu Aztiria (Elhuyar); Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea); eta Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea.

Azken mintegi honetan ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara aztertuko dira, helburu jakin batzuk bilatuz: garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan eguneroko eta ezinbesteko bihurtu den ingurune digitalaren bitartez. Horretaz gain, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera aurrera egitea da helburua, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak euskararen inguruan dituen premiei erantzun egokia eman nahian.

 

Jardunaldia irailaren 12an hasiko da, 09:00etan, erakunde desberdinetako ordezkariei egingo zaien harrerarekin, eta Euskaltzaindiaren Youtube-ko atarian streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Zabaldu: