Maiatzaren 19tik 23ra bitartean izango da jaialdia Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, euskarazko hainbat kultur jarduerekin.
Udaberri honetan, Galdakaoko ikastetxeetako ikasleek Torrezabal Kultur Etxea hartuko dute berriz ere, Sormene jaialdiaren edizio berriarekin. Ekimenak gazteen talentua, sormena eta ahalegina balioan jartzea du helburu, eta, aurten, oroimenari, denboraren joanari eta bizitakotik abiatuta istorio berrien sorkuntzari buruz hausnartzera gonbidatuko du, euskarazko hainbat kultur proposamenen bidez. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “haurrentzat ez ezik, herritar guztientzat zuzendutako jarduera erakargarriak ere izango dira, maiatzaren 22an eta 23an Promesarik Txikiena antzezlanarekin eta Olaia Inziarteren kontzertuarekin.
Hala, maiatzaren 19tik 23ra bitartean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza eta arte plastikoak uztartzen dituzten hainbat kultur jardueratan parte hartuko dute. Diziplina horien bidez, ikasturtean zehar euskarazko sormenaren eta komunikazio gaitasunen inguruan egindako lana erakutsiko dute.
Hezurrak eta koadernoak
Sormenek iraganaren eta etorkizunaren arteko bidaia sinbolikoa proposatuko du Hezurrak eta koadernoak lelopean: “iraganeko aztarnak eta idatzitako kontakizunak narrazio berrietarako abiapuntu bihurtuko dira”, azaldu du antolakuntzak. Testuinguru horretan, aurrera egiteko atzera begiratzera gonbidatzen du egitasmoak, aurrekoaren arrastoetatik abiatuta istorio berriak eraikiz.
Irakurraldi Jarraituarekin abiatuko da jaialdia hilaren 19an. Bertan, Patxi Zubizarretaren Zerria obraren eszenifikazio berezia egingo dute ikasleek eta jarduerak euskal kulturako hainbat aurpegi ezagun bilduko ditu, hala nola Zubizarreta bera, Uxue Alberdi idazlea, Eñaut Izagirre glaziologoa, Oihane Zuberoa idazle eta filosofia irakaslea Mikel Losada aktorea, Ana Sagastizabal sopranoa eta Lur Korta ipuin kontalari eta aktorea.
Halaber, tokiko eragileak, euskaltegietako ordezkariak eta Leidu elkarteko kideak ere izango dira bertan. Miren Gaztañagak zuzenduko du proposamen artistiko hori.
Maiatzaren 20an, booktuber eta marrazki lehiaketen sari banaketa egingo da; horietan Elexalde BHI, Bengoetxe BHI eta Eguzkibegi ikastetxeek parte hartu dute. Ekitaldia Eleder Iglesiasek aurkeztuko du eta Dibujatolrato taldeko kideek parte hartuko dute.
Arratsaldean, berriz, Musikaren sustraiak proposamen musikala izango da Musika Eskolaren eskutik, Bertso Eskolako kideen parte hartzearekin.
Programak maiatzaren 21ean jarraituko du, Urreta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen antzerki topaketekin.
Maiatzaren 22an, programako jarduera parte hartzaileenak bilduko dira: goizean ahozkotasun eta eskolarteko bertsolaritza topaketetan parte hartuko dute Aperribai, Gandasegi eta Urreta ikastetxeek, Eguzkibegi Ikastolak eta Elexalde eta Bengoetxe institutuek. Topaketetan Maider Altuna eta Naroa Torralba bertsolariek eta Mikel Mikelot musikariak ere parte hartuko dute.
Eguerdian lehen hezkuntzako ikasle txikien txanda izango da, Kurtzeko plazan egingo den haurren erromerian. Bertan 300 ume inguru bilduko dira euskal dantzen inguruan.
Arratsaldean, Promesarik txikiena antzezlana taularatuko dute Torrezabal Kultur Etxean. Kantua, alaitasuna eta dezepzioa uztartzen dituen lana da, lau lagunen arteko fikziozko elkartzea irudikatzen duena, promesen eta oroitzapenen artean murgildutako bidaia emozional baten bidez.
Zikloari amaiera emateko, maiatzaren 23an Olaia Inziartek Torrezabal Kultur Etxean emango du kontzertua.
Egitaraua, hemen.