Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Oñatin

(Informazioa eta argazkia: bertsozale.eus)

48 bertsolarik hartuko dute parte. Saioetarako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai .

Denetara hamasei saio izango ditu irailaren 14an Oñatiko Santa Ana antzokian hasi eta abenduaren 14an Donostiako Illlunben amaituko den 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. 48 izango dira parte hartuko duten bertsolariak, horietatik 34k maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko hamalau bertsolariek berriz, duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatuta eskuratu zuten. Horiez gain, hamabost gai jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ugari izango direla txapelketan lanean iragarri du Bertsozale Elkarteak.

Hiru hilabetez, hamasei saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala.

Sarrerak eta jarraipena

Saio guztietako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua eskuratu ahal izango dute, finalerako ez beste saio guztietarako balio duena.

 

Zabaldu: