Iratxe Fresneda zinemagileak ‘Tetuán’ dokumentala aurkeztuko du gaur Zinebin

Gentzane Martinez de Osabak, Iratxe Fresnedak eta Oihane Iriartek ekoitzitako sorkuntza dokumentala da. Bertan, alaba batek (zuzendaria bera), aitaren iraganaz sentitzen duen jakin-minak gidatuta, berregiteko eta bilatzeko bidaia bati ekingo dio, benetakoa eta zinematografikoa, iragana eta oraina kontuan hartuta.

Iratxe Fresnedak (Arrigorriaga, 1974) Tetuán izeneko pelikula aurkeztuko du gaur Bilboko Zinebi jaialdian. Zinemagilearen hirugarren dokumental luzea da honakoa eta Irrintziaren Oihartzunak eta Lurralde Hotzak lanekin abiatutako erregistro eta oroimenaren inguruko filmen trilogia osatzen du.

Tetuán pertsona migratzaileei buruzko filma da, eta zinema, familia istorioak eta memoria eta igaro lekuak erakusten ditu. Hala, Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamed dantza, argazkilaritza eta bizitza berari buruzko istorio baten protagonistak biltzen ditu. “Orainaldiko ikuspuntutik, migrazioa eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen dokumentala da Tetuán”, azaldu du Fresnedak.

Baina lan honen bidez, beste irudi eta diskurtso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakutsi nahi izan ditu zinemagileak, baita migrazio eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatatu ere. “Arrazakeria erakusteko nahia eta natura ezberdineko estereotipoei aurre egitea dira filma sortzeko izan ditudan arrazoiak. Gaur egun, mundu mailan, premiazko gai politiko eta soziala izateak arrazakeriaren normaltasuna hausteko dagoen beharrizan unibertsala berresten du.

Hildako aita migratzailearen historiaren gaineko jakin-minak eramaten du alaba (zuzendaria bera) filmean, berreraikuntza- eta bilaketa-bidaia bat egitera, iraganeko eta oraingo historian zehar. Bidaia honetan, Tetuán, Almeria eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskal Herriko txokoak eta Danubioren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat dira kontaketaren lekuko.

Filmak Bilbon egingo du lehen geldialdia gaur, hilak 16, 20:00etan, BBK Aretoan.

Zabaldu: