(argazkia: Euskaltzaindia)

Itxaro Borda idazlea eta Andres Alberdi hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu ditu Euskaltzaindiak

Itxaro Bordak Xarles Videgainen hutsartea beteko du eta Andres Alberdik Andoni Sagarnarena. Orain, zortzi hilabeteko epea dute biek sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Euskararen Akademiak euskaltzain berriak izendatu ditu Donostiako udaletxean egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Itxaro Bordak (Baiona, 1959) eta Andres Alberdik (Getaria,1950) erdietsi dute Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, Xarles Videgain eta Andoni Sagarna emeritu izatera igaro ziren uda aurretik, eta uztailaren 22an zabaldu zen bi-bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzale lapurtarrak ekainaren 30ean 75 urte bete zituen eta, euskaltzain emeritu bilakatu zen, Euskaltzaindiaren barne-arauek xedatzen dutena aintzat hartuta. Beste horrenbeste gertatu zen Andoni Sagarnarekin; Donostiako euskaltzain osoak uztailaren 11n bete baitzituen 75 urte.

Ondoren, urrian amaitu zen hutsune horiek betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek urriaren 28an, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikina) egin zen Osoko bilkuran, hain zuzen ere, Borda eta Alberdi, eta bilkuran biak izendatu ditu euskaltzain oso Euskaltzaindiak.

Orain, zortzi hilabeteko aldia izango dute euskaltzain oso berriek sarrera-hitzaldiak prestatzeko, eta epe berdina izango dute erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek beraienak prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldiak egingo dira.

Zabaldu: