(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Joanes Illarregi sailkatu da finalaurrekoetara

Lehen faseko bigarren saioa jokatu zen atzo Arrasateko Amaia antzokian.

Ostegunean agortu ziren Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saiorako sarrerak eta, beraz, bete-beteta egon zen atzo Arrasateko Amaia antzokia. Saioa hasi eta Ander Aranburu gai-jartzailearen atzetik igo ziren bertsolariak oholtzara, zozketak erabakitako ordenan: Miren Amuriza Plaza, Iñaki Apalategi Astigarraga, Xabat Illarregi Martzol, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Azken orduko bat zela eta, Xabat Illarregik kantatu zuen Xabier Silveiraren ordez.

Bertsolariek ariketaz ariketa osatu zuten egin beharrekoen zerrenda, eta Joanes Illarregi izan zen puntu gehien pilatu zituen bertsolaria: 678 puntu. Haren atzetik, hurrenez hurren, Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).

Hala, Illarregik Elizondoko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 22an, Unai Agirrerekin eta Alaia Martinekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Lehen fasea epaitzeko lana zuten seikotea aritu zen atzokoan ere puntuazioa jartzen: Egoitz Iradier, Eneko Bidegain, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Miriam Juaristi eta Saioa Mitxelena aritu ziren. Idazkari lanetan, berriz, Ane Errazkin eta Joxe Mari Altuna.

Bigarren saioan ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin zituzten bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean aritu ziren. Hauxe gaia: “Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu”.

Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa.

Hurrengo asteburuan, beste bi saio

Getxoko eta Arrasteko saioen ondoren, hurrengo asteburuan ere beste ekitaldi bi izango ditu txapelketak. Larunbatean Gotaine-Irabarnen izango da saioa, herriko gelan. Igandean, berriz, Gasteizko Europa Jauregian izango da saioa. 17:00etan hasiko dira biak.

Zabaldu: