Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko dute, Euskal kulturaren eta identitatearen gogoeta eta transmisiorako

Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaranen izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz.

Euskal kulturaren eta identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean. Hala adostu dute gaur goizean erakunde horietako ordezkariek, Barandiaran zenaren bizitokian bertan, Ataungo Sara etxean, sinatu duten lankidetza hitzarmenaren bitartez.

Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz.

Katedra honen sustatzaileak bat etorri dira katedraren sorrerak ekar ditzakeen onurak azpimarratzean, Jose Migel Barandiaranen obra eta ondare aberatsa eta hark landutako ikerketa esparru zabala ikertzeko, eguneratzeko eta transmititzeko jardunari bultzada berri bat emateko garaian batez ere. Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak gure herriaren geroa sendotzeko egin dezakeen ekarpena nabarmena izan daitekeela iritzi diote, euskal kulturari buruzko gogoeta akademikorako gune berriak arakatzeko berrikuspen kritikoa ahalbidetuz.

Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, betiko galtzeko zorian ziren aztarna, usadio eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergagatik batez ere. Urte askoan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak. Halaber, Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.

Zabaldu: