Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza izeneko argitalpenak zazpigarren arteak gure hizkuntzarekin izandako harremanak aztertzen ditu, eta horretarako, 20. mendea zeharkatzen duen ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatzen du.
Eibarko Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) lankidetzan ematen duten Juan San Martin beka irabazi zuen Josu Martinezek 2019an, eta horren emaitza da UEUrekin argitaratu duen Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburua, euskaraz egindako zinemaren historia jasotzen duena, hain zuzen ere.
Martinezek azaldu duenez, “gaurdaino ez da idatzi euskarazko zinemaren historiarik. Lan honek hutsune hori bete nahi du”. Bere esanetan, “filmak irudiz eta euskaraz jarraikortasunez egiten, 2005ean hasi ziren. Geroztik, urtero bi film inguru plazaratu dira, eta, beraz, euskal zinematografia bat, nolabait esateko, ordutik baizik ez da existitzen. Horrek ez du esan nahi lehenago ez denik ezer egin, ez denik ezer saiatu eta ez denik ezer amestu. Liburu honetan, horra arteko bideaz okupatzen naiz, batez ere, eta 2005etik gaur arteko tarte hori, azken kapituluan jorratzen dut, epilogo gisa. Hau bi arrazoirengatik. Batetik, orainaldiaz historia egitea, bizirik dagoen errealitate bat gatibatzea litzatekeelako, mugimenduan den irudi bat izoztea; eta bestetik, neu ere ikerketa-objektu nintzatekeelako errealitate horretan, hainbat film zuzendu ditudan neurrian. Ez nuen parte eta epaile bilakatu nahi”.
Liburuak zazpigarren arteak gure hizkuntzarekin izandako harremanak aztertzen ditu, eta horretarako, hogeigarren mendea zeharkatzen duen ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskaraz sortutako lanen historia kartografiatzen du. “Film eta egile ezezagun ugari ageri dira orrialde hauetan, garai ezberdinetako intelektualen diskurtso, bizipen eta oihartzunak, eta baita hainbat istorio bitxi, triste eta harrigarri ere”.
Hori guztia, bi zutabe ardatz hartuta. Batetik, datu-bilketa erraldoi bat eta iturri anitz eta ineditoak. Bestetik, egileak ezkutatzen ez duen ikuspegi propioa, interpretazio pertsonalei eta kritikari lekua uzten diena. Estilo bizi, zorrotz eta dibertigarri batez jorratua, akademiarako ez ezik, publiko zabalarentzat ere interesgarri den lana dugu eskuetan.