June Lizasok eta Marta Loidik irabazi dute Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa

Txokolate-ontzia izan da edizio honetan aukeratutako objektua. Gaurtik aurrera, Donostiako San Telmo Museoko Gastrokultura gunean ikusgai izango dira lehiaketan parte hartu duten lanetako batzuk, horien artean Lizaso eta Loidiren Nahua proiektua dago.

Pandemiak eragindako etenaren ondoren, Bitamine Faktoriak HAU, Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa, abiatu zuen joan den otsailean. Lehiaketak euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea izan du helburu oraingoan ere. “Diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatu zitzaien parte hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko”, azaldu dute.

Aurreko edizioetan taloaskea, kutxa eta zizeilua izan ziren aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan txokolate-ontzia izan da, txokolatea prestatzeko erabiltzen zen sukaldeko tresna.

Epaimahaiaren ebazpena

June Lizasok eta Marta Loidik aurkeztutako Nahua proiektuari eman dio epaimahaiak saria. “Objektuaren teknika, funtzio eta formari lotutako alderdiak trebeziaz eta sentiberatasunez uztartzen ditu Nahuak. Lengoaia aberatsa antzematen da diseinuan, ezaugarri nabarmenetako batzuk egungo usadio eta ohituretara egokitzen baititu, jatorrizko objektuari ere doituz. Ezaugarri horiek guztiek proiektuari balioa ematen diote, hartara bideragarri egiten dute merkatuan sartzea, egungo industria-irizpideen arabera.”

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuak balioetsi ditu, “guztiak oso maila onekoak izan dira”. Halaber, partehartzaile guztien lana nabarmendu du, proposatutako objektua ikertu eta eguneratzeko egin duten ekarpen baliotsua aintzat hartuta. Horrez gain, bi proiektu nabarmendu ditu:

Alde batetik, Nora Gondatek eta Eider Sanchezek aurkeztutako Mokama proiektuak lengoaia estetiko garaikidearekin lotzen duten ekarpen berritzaileak nabarmendu ditu, eta, bestetik, diseinuaren ikerketan eta garapenean erakutsitako sentsibilitatea, proiektuaren memorian modu bikainean jasota geratzen direnak.

Bestetik Aitor Maraurik eta Oier Arevalillok aurkeztutako La Txoko: “txokolate-ontziaren interpretazio berriaren ekarpen bikaina da, jatorrizko piezarekiko doitasunez landutakoa”.

Saria

Epaimahaiak 1.000 euroko sari bakarra emango du. Proiektu saridunaren egileek Ibili enpresan bisita profesionala egiteko aukera izango dute, betiere osasun-egoerak hala uzten badu.

Bestalde, epaimahaiak diseinu nabarmenenak ere hautatu ditu San Telmo Museoko Gastrokultura gunean ikusgai jartzeko, ekainaren 29tik irailaren 30era bitartean.

Zabaldu: