Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.
Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte: Kamikaz kolektiboaren Fikziraultzaileak eta, bestetik, Infinitudramaren Herrenaren promesak.
Kamikaz kolektiboak bi testu dakartza: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi eta Renata, biak arrakastatsuak. Espe Lopezek egin du liburuaren hitzaurrea eta, lehenari buruz hauxe adierazi du: “emakumeei buruz hitz egiteak erraza eman dezake, modan dagoela, egin egin behar dela. Baina, bestalde, nola egin hori biktimismoan erori gabe, panfletora jo gabe. Zaila da… eta, horrexegatik, betiere gai delikatua den horretaz mintzatzeko, modurik onena da esperientzia propioan oinarritzea, norbere bizipenei heltzea. Emakume guztiek dugu zer kontatua gizarteak sentiarazten digunaz. Ironiak eta egunez egun ikusten ditugun jarrera, pentsamendu eta argudioak hankaz gora jartzeko gogoak bultzatzen dute obra hau”.
Renatari buruz, berriz, hauxe dio: “zer gertatzen da gizarte batean, emozio negatiboak ezabatzen badira, hiltzea izapide soila balitz bezala estaltzen bada eta doluek une bat besterik ez badute irauten? Distopia orok errealitate urrun bat irudikatzen du, errealitatearen beraren alderdi adierazgarri batzuk ikusarazteko. Renatak heriotzaren tratamendua distortsionatzen du, agerian utzi nahi duelako gure gizarteak hura ezkutatzeko joera duela”. Sakoneko gaiak modu ironiko eta bizian lantzen dituzte testu bi hauek.
Herrenaren promesak
Herrenaren promesak liburuari dagokionez, Maite Aizpurua eta Infinitudramaren hiru testu biltzen ditu: Erresistentzia arazo fisikoa da, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena. “Ulertzen nabil promesa ez dela ilusio bat edo ideal bat eszenaratzea, gero erraietatik leherrarazteko. Promesa da zer egiten duzun, edo zer egiteari uzten diozun dagoenarekin. Promesa ez da sistemaren zirrikitu batetik sartzen den esperantzarako argi zuri bat bidea erakutsiko diguna, promesa zirrikitu horretatik begiratzea da. Ados, ba ez dakit nola egiten den hau, baina egingo dugu elkarrekin”, adierazi du Aizpuruak.
Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz.