Orotara dozena bat lan lehiatu dira. Epaimahaiaren arabera, “Marrubizko uda izeneko istorio honek familia baten xelebrekeriak kontatzen dizkigu kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai”.
Karmele Mitxelena Etxebestek idatzitako Marrubizko uda nobelak irabazi du 2022ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Oiartzungo idazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.
Orotara dozena bat lan lehiatu dira, eta horien artean Karmele Mitxelenak idatzitako eleberria hautatu dute. Epaimahaiaren arabera, “Marrubizko uda izeneko istorio honek familia baten xelebrekeriak kontatzen dizkigu kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai”.
Karmele Mitxelena Etxebeste Oiartzunen jaio zen 1988an. Irakasletza eta Haur Hezkuntzako gradua ikasitakoa da; irakasle lanetan dabil, eta horrez gain sari ugari irabazitakoa da bai bertsolaritzan (bertso idatzietan batik bat) bai narratiban. 2019an Erakusleihoan album ilustratua argitaratu zuen eta urte bereko Peru Abarka saria irabazi zuen.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Miren Agur Meabe idazleak irabazi zuen duela bi urte, eta iaz antolatu gabe geratu zen.