(argazkia: Bilboko Udala)

Karrikan, arte eszenikoak bultzatzeko plataformaren bosgarren deialdia abian da

Proposamen artistikoak aurkezteko epea martxoaren 25era arte egongo da zabalik. Aukeratutako proiektuak laguntza izango du eta plataformako kideen jaialdietan programatuko da.

Bilbo, Leioa, Gasteiz, Hendaia eta Antsoaingo udalek Karrikan plataformaren bosgarren deialdia abiatu dute. Ekimenaren helburua Euskal Herriko kaleko arteetan sorkuntza lanak bultzatzea da eta lan horiek Pirinioen bi aldeetan garatzea. Martxoaren 25era arte egongo da proposamen artistikoak aurkezteko epea zabalik.

Hala, aurtengo edizioak konpainia, talde eta artista berrien edota profesional bihurtzeko bidean daudenen sorkuntza originalei laguntzea du xede. Espazio publikoan jarduten duten Euskal Herriko artistei zuzenduta dago. Antolatzaileen arabera, “balio berezia emango zaio kaleko ikuskizuna kontzeptuari, nahiz eta arte eszenikoen beste diziplina guztiak ere onartuko diren: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizuna…”. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskaraz egin diren ikuskizunek. Azkenik, formatu txikiko edo ertaineko ikuskizunak baloratuko dira.

Plataformako bazkideek aukeratutako proiektua sorkuntza-prozesuan zehar laguntzeko konpromisoa hartuko dute, hau da, “sorkuntzarako laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez, konpainiaren beharren arabera”.

Gainera, aukeratutako proiektuak hainbat ekitalditan programatuko dira 2023an zehar: Bilboko Kalealdian, Leioako Umore Azokan, Gasteizko KaldeArten, Hendaiako Mai du théâtre jaialdian eta Antsoaingo udako programazioan.

Informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu: