Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua. Apirilaren 15era arte egongo da izena emateko epea zabalik.
Donostiako Tabakalerak, Bilboko Alondegiak, Artium Museoak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak elkarrekin antolatzen duten Komisario Berriak 2021 proiektua aurkeztu dute. Komisariotzaren praktika garatzea eta profesional berriak sortzen eta finkatzen laguntzea da ekimenaren helburua. Apirilaren 15era arte egongo da deialdi honetara aurkezteko epea, eta hautagaiek hiru beka izango dituzte eskura, zentro laguntzaile bakoitzeko bana, hain zuzen. Bakoitzak bertako jarduerari lotutako lan-ildo berezi bat proposatuko du, eta zentroak arduratuko dira beken deialdia modu koordinatuan kudeatzeaz. Deialdi hau esparruan interesa eta profesionaltasun-bokazioa duten pertsonei zuzenduta dago: historialariak, artistak, komisarioak eta nazioarteko ikertzaileak edo ikerketa-arloko bestelako profesionalak. Era berean, hautagaiak zentroetako bat aukeratu beharko du bere proiektua aurkezteko; pertsona berak ezin izango du proiektu bat baino gehiago aurkeztu zentro ezberdinetara.
Tabakalerak Komisario Berriak 2021 egitasmorako egindako proposamenaren kasuan, formatu digitalean oinarritzen da. “Eremu digitalerako online erakusketak, mikroguneak, esku-hartzeak, argitalpenak edo arte-sorkuntza digital berriak garatuko dituzten proiektu kuratorialak bilatzen ditu”, azaldu dute.
Bilboko Alondegiak, berriz, kultura-kuradoretzaren aldeko apustua egin du, eremu zabal bat hartuz: proposatu duten komisariotzak ikuskera artistiko jakin bat du, zeinaren arabera erakusketak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko baitu diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu gisa, betiere aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean.
Hortaz, erakusketaren espazioa eta denbora inplikatuko dituen komisariotza jarri nahi dute abian, baina, aldi berean, horiek gainditzeko gai izango dena.
Azkenik, Artium Museoaren proposamenaren helburua zera da: komisariotzaren dimentsio historiko eta narratiboaren garrantzia biltzen duten praktika kuratorialak ikertzea eta garatzea; EAEn praktika artistikoen testuingurua garatzeko garrantzitsuak izan diren azterlan espezifikoen kasuak, artisten ibilbideak, testuak, erakusketak, espazioak eta bestelako ekimenak.
Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua du; hortaz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzera. Deialdiaren baldintzak Artium, Alondegia eta Tabakaleraren webguneetan kontsulta daitezke.