(argazkia: Kontseilua)

Kontseiluaren eta Behatokiaren arabera, Nafarroako Euskararen Planak anbizioa behar du

Nafarroako Gobernuak Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren behin-behineko proposamena aurkeztu du. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prozesuan modu aktiboan hartu dute parte, eta gaur plangintzari modu integralean egin dizkioten ekarpenak erregistratu dituzte, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusian.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak plan berri honen irakurketa orokorra eskaini du, “hizkuntza-politika hiru zutabetan ardazten da: araugintza, plangintza eta baliabideak. Tamalez, Nafarroan araugintzaren bidean ez da aldaketarik planteatu asteotan eta horrek eskubideen urraketen betikotzea dakar”. Hargatik, Behatokiak eta Kontseiluak planean hainbat bidegabekeriari aurre egiteko neurriak proposatu dituzte.

Bilbaoren hitzetan, “Kontseiluan eta Behatokian ohartuak gaude egun Nafarroan zein arazo eta oztopo ezartzen dituen araugintzaren zutabeak. Euskaldunon eskubideak lurraldearen arabera aitortzen dituen legea oinarri, kezkaz bizi dugu lege horren garapenerako indarrean dagoen araudiak sortzen dituen bidegabekeriak. Eta legegintzaldian ez dugu inolako aurrerapausorik ikusi, are gehiago, atzerapausoak izan dira. Horrexegatik, hain zuzen, ekarpenen bidez araugintzak eragiten dituen bidegabekeriak zuzentzen saiatu gara, eta ondorioz, jarraian agertzen diren neurri askok izaera politikoa dute. Planifikatu beharreko neurri politikoak hain zuzen”.

Ekarpen zehatzez gain, bi hausnarketa ere jaso dute dokumentuan. Batetik, hainbatean agertzen den adostasunari dagokionez, gogorarazi dute eskubideen definizioa ezin dela momentuko adostasunen araberakoa izan. Alegia, “egun hizkuntza-eskubideak modu orokorrean eta esparruka zein diren definituta daude jada, eta ez dago balizko adostasunaren bidetik eskubide horiek mugatzerik. Hartara, gure proposamena da hizkuntza-eskubideen inguruko lanketa pedagogiko integrala egitea Nafarroa osoan” azaldu dute.

Horrekin batera, Kontseiluak iragan ekainean hamarnaka eragilerekin aurkeztutako Batuz Aldatu adostasun sozialaren dinamikaren ondoriozko proposamena Nafarroako Gobernuaren esku jarriko duela aurreratu dute.

Anbizioz jokatzeko deia

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak planari egin zaizkion 67 neurri proposamenak balioan jarri ditu. Neurrien edukiari dagokionez, “lehenik eta behin, aditzak aldatu beharra ikusi dugu. Zazpi urteko plan batez ari gara, eta neurriek konkrezioa edo zehaztasuna behar dute: bermatu, egin, burutu… Ezin dira une oro aztertu, lagundu edo antzekoak erabili”, adierazi du.

Gainera, “uste dugu planak neurri estrategikoak hartu eta proposamen zehatzak egin behar dituela eskubideak bermatzeko. Aipatzeko moduko ekarpen bat da, esaterako, “departamentuz departamentu eta erakunde autonomoz erakunde autonomo, euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren lanpostu elebidunen proposamena Nafarroako Gobernuari helarazi lan-deialdiak horren arabera egin ditzan”.

Aurreko planean jasotzen ziren eta bete ez diren neurri batzuk berreskuratu dira, bereziki, hizkuntza-klausula, kontratazio, edo diru-laguntza-irizpideen inguruan. Gaubekaren araberan, “eremu horretan hainbat ekarpen egin dugu. Zalantzarik gabe, Gobernuari badagokio sustapen lana egitea, baina araugintza ere erabili behar da. Ez dugu ulertzen zergatik desagertu ziren neurri horiek, eta berreskuratu ditugu”.

Bestalde, “aurkeztu den planari anbizioa erantsi diogu. Anbizioz jokatu behar da, eta hizkuntza-politiketan jauzi bat eman”, adierazi du Behatokiko zuzendariak. “Bilbaok aipatutako hiru zutabeetako bati erreferentzia eginez, plan honek baliabide egokiak beharko ditu. Hor ere anbizioz jokatu beharko da, eta jauzia eman beharko da aurrekontuetan baldin eta planaren neurriak egoki beteko badira”, erantsi du Gaubekak.

Gobernu osoaren Plan Estrategikoa

Azkenik, Euskararen Bigarren Plan hau, Euskarabiderena ezik, Gobernu osoaren Plan Estrategikotzat jo dute Bilbaok eta Gaubekak, eta, beraz departamentu guztiek betetzeko eta jarraipena egiteko duten betebeharra azpimarratu nahi izan dute.

Zabaldu: