(argazkia: Tabakalera)

‘Kooperatiba’ erakusketak memoria eta artxiboa elkarrizketan jarri ditu Tabakaleran

Tabakalerako erakusketa berriak Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artisten lanak bildu ditu, memoria historikoa, artxiboak eta irudikapen politikoa arte garaikidearen bidez aztertzeko. Proiektua datorren urtarrilera arte egongo da ikusgai, eta jarduera publiko zabal batek osatuko du.

Tabakalerak Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artisten lanak biltzen dituen Kooperatiba erakusketa zabaldu du. Egitasmoak memoria historikoa, artxiboak eta lengoaia grafikoak ditu ardatz, eta iragan hurbila ulertzeko bi ikuspegi artistiko jartzen ditu elkarrizketan. Esposizioa 2027ko urtarrilaren 10era egongo da ikusgai Tabakalerako erakusketa-areto nagusian.

Antolatzaileen esanetan, erakusketaren izenak berak elkarlanaren ideia azpimarratzen du. Izan ere, bi artisten lanak eta artxiboak uztartuz, hainbat mugimendu politiko eta sozialek utzitako dokumentuak, irudiak eta adierazpen grafikoak berrirakurri eta gaur egungo ikuspegitik aztertzen ditu. Proiektuak memoria kolektiboaren eraikuntza, dokumentu historikoen balioa eta irudikapen politikoaren bilakaera jorratzen ditu, arte garaikidearen bidez.

Carla Filiperen lanak artearen, herri-kulturaren eta aktibismo politikoaren arteko harremanak ikuspegi kritikoz aztertzen ditu. Marrazkia, collagea eta fotomuntaia baliatuz, dokumentu historikoak, banderak, kartelak eta ikonografia iraultzailea berrinterpretatzen ditu, kontakizun autobiografikoak eta kolektiboak uztartuz. Erakusketarako propio sortutako bi lan berri aurkeztu ditu; horietan, eskuzko brodatuaren bidez dokumentuei eta bizipen pertsonalei lotutako oroitzapenak berreskuratzen ditu. Horrez gain, Portugalgo Apirilaren 25aren ondorengo artxibo pertsonaletik osatutako prentsa-ebakinen bilduma ere erakusten du.

Ardanazen lanak, berriz, ideologiaren, memoriaren eta errepresentazioaren arteko harremanak ditu ardatz. Pintura, instalazioa, argazki-artxiboa eta bideoa erabiliz, proiektu politiko zapuztuen eta erresistentzia kolektiboaren aztarnak ikertzen ditu. Erakusketarako sortutako piezen artean eskaiolaz eta buztinez egindako lanak daude, oroigarrizko horma-irudietan eta herri-arkitekturako elementu apaingarrietan oinarrituak, baita XX. mendeko ideologien irudikapen bisuala gogorarazten duten oihal handiak ere.

Erakusketa-areto nagusian zehar hedatzen den instalazioaren elementu nagusietako bat artistek eta komisarioak elkarrekin osatutako artxibo partekatua da. Kartelak, argazkiak, film eta soinu erregistroak nahiz objektuak biltzen ditu, dokumentuaren eta artelanaren arteko mugak lausotuz eta sorkuntza prozesua ikusgai jarriz.

Proiektuak Tabakaleraren ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko egitekoarekin bat egiten du. Horren erakusgarri da Ardanazek 2021ean Tabakaleraren egoitza-programan parte hartu izana, eta erakusketarako ekoizpen berriak zentroaren laguntzarekin garatu izana.

Kooperatiba erakusketak jarduera publiko zabal bat ere izango du. Hasieratik bertatik bisita gidatuak egingo dira komisarioaren eta artisten eskutik, eta Arte Makina arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroaren saio berriak ere antolatuko dira. Horrez gain, haur eta familientzako tailerrak izango dira, eta urrian mintegi berezi bat egingo da erakusketan lantzen diren gaiak sakontzeko: lan mundua, aldi iraultzaileak, memoria, artxiboak eta elkarlanaren ideia. Jarduera programa osatzeko, urritik abendura bitartean Tabakalerako zinemak erakusketarekin lotutako zinema ziklo bat hartuko du, komisarioaren, artisten eta gonbidatuen aurkezpenekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna