(argazkia: AEK-Korrika)

Korrikaren 24. edizioa ardatz duten unitate didaktikoak prest dira

Helburuen artean daude, besteak beste, euskararen erabileran eragitea eta euskal kultura transmititzea.

AEK-k eta Korrikak 24. edizioa ardatz duten unitate didaktikoak argitaratu ditu webgune honetan, eta Euskal Herri osoko ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzea da asmoa.

Azaldu dutenez, “bi motatakoak dira: batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, Euskal Herriko Ikastolekin elkarlanean sortuak; horiek adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Bestetik, euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak; horiek mailaka antolatuta datoz, A1etik C1era”. Materialetako bat berezia dela azpimarratu dute: “entzumen zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko diseinatuta dago”.

Unitateok hainbat berrikuntza dakartzate, betiko helburuak izan arren: “euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, Korrika iragartzea ere”.

Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza Orereta ikastolako irakasle eta ikastetxeetarako unitate didaktikoen egileek nabarmendu dutenez, “alde batetik, Korrika Txokoa izeneko jarduerak daude: zirkulazio autonomoan aritzeko materiala da, ikasleek beren nahien eta erritmoen arabera. Beste batetik, Hurrengora arte! jarduera dugu, Korrika amaitu ondoren gauzatzekoa; Korrikan bizi izandako esperientziak partekatzea izango du helburu”.

Era berean, AEKren Didaktika Saileko kide Amaia Lopez de Luzuriagak aipatu du euskaltegietarako hiru materialeko sorta prestatu dutela: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Azken hori bereziki egokituta dago hezkuntza arruntean zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.

Lotura hauetan dago unitate didaktikoen inguruko informazio osagarria:

Ikastetxeetarako unitate didaktikoak. Informazio gehiago.
Euskaltegietarako unitate didaktikoak. Informazio gehiago.

Zabaldu:

Utzi erantzuna