Larunbatean abiatuko da Lekeitioko 42. Euskal Zine Bilera

Azaroaren 23tik 30era bitartean, hainbat film eta ekimen berezi izango dira, hiru atal nagusitan banatuta: Branka, Ganbara eta Zerumuga.

Euskal Zine Bilera hasteko bi egun baino ez dira falta eta dena prest dago jada, edizio berri honetan  jaialdiak aurrerapauso handi bat eman dezan. Iazko eboluzioaren ondoren, aurten proiektuaren zutabeak indartzeko lanak egingo dira euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanen erakusleiho bilakatzen jarraitzeko. “Gurea Euskal Herrian eta euskaraz egiten diren lanak ezagutzera ematen dituen jaialdia da, nortasun sendoa erakutsiz”, azaldu dute antolatzaileek.

Azaroaren 23tik 30era bitartean, hainbat film eta bestelako jarduera egongo dira publikoaren eskura, hiru atal nagusitan banatuta: Branka, Ganbara eta Zerumuga.

Branka atalean esaterako, Sail Ofiziala dago. Aurten 57 lan aurkeztu dira eta horietatik 20 aukeratu dituzte. Ikusgarri aretoan proiektatuko dituzte film horiek guztiak.

Brankan bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin antolatzen duen Benito Ansola Saria banatuko da, gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoizten laguntzeko asmoz. Aurtengo deialdian aukeratutako hiru proiektuen pitching saioa egingo da. Bertan, sortzaileek beraien proiektuak defendatu beharko dituzte Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiaren aurrean. Irabazleak urtebe izango du proiektua gauzatzeko.

Azaroaren 30ean (H)emen plataformarekin elkarlanean, profesionalen III. topaketak antolatuko dituzte. Bertan, ikus entzunezkoen hainbat eremutan musika egiten duten emakumeen arteko mahaingurua antolatu da, Ikus-entzunezkoetako emakume musikagileak: olatu berria izenburupean. Lara Izagirre zinegile Zornotzarrak gidatuko du mahaingurua eta saio ireki eta parte hartzailea proposatuko da, bai sektoreko kideei zein edozein hartzaile motari zuzenduta. Ikus-entzunezkoetarako musika konposatzen duten emakume gazteak elkarrizketatuko dira, eta beraien lanak eta esku artean dauzkaten proiektuak aztertu dituzte.

Aurten, Euskaltzaindia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, ekimen berezi bi aurkeztuko dira jaialdian: alde batetik, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak izeneko dokumentalaren proiekzioa, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin solasaldiarekin, eta bestetik, UEMAk arnasguneak indartu nahi ditu Arnasa Gara izeneko kanpainarekin eta, helburu horrekin, Kartzela izeneko serie digitala sortu dute. Kanpainaren elementu berritzailea izango da, ez baita sekula egin arnasguneei buruzko fikziozko lanik. BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak. Pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira.

Ganbara atalari dagokionez, Atzo8 proiektuarekin iraganera so egingo du jaialdiak eta Lekeitioko antzinako irudiak jarriko dituzte ikusgai. Era berean, Juanmi Gutierrez omenduko du aurtengo Euskal Zinemaren Begiradak-ek eta Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren bere hiru film labur ikusi ahal izango dira: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Proiekzio horietaz gain, zinemagilearen azken lana, Denbora aldakorra (2019), estreinatuko da.

Zerumuga atalaren barruan, zinemagintzaren ahalmen pedagogikoa landuko da lantegi, formakuntza saio, proiekzio eta beste hainbat ekimenen bitartez. Aurten Neska Banda (GirlHood) filma proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin, Filmazpit ekimenarekin elkarlanean. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldia izango den arren, proiekzioa publikoa eta doakoa izango da gainontzeko publikoarentzat ere.

Euskal Zine Bilera Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan izango da.

Egitaraua hemen.

Zabaldu: