(argazkia: Gipuzkoako Bertsozale)

Lehen aldiz launa emakume eta gizon arituko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Abenduaren 14an Donostia Arenan (Ilunben) jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Xabier Gaztelumendik (Añorga, 1961) jantziko dio txapela irabazleari.

Pasa den asteburuko Tolosako finalaurrekoa jokatuta, erabakita geratu da abenduaren 14an,  Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean kantatuko duten bertsolarien zerrenda. Lau emakume eta lau gizon lehiatuko dira aurten lehen aldiz Donostia Arenan (Illunben).

Agin Laburu Rezola (Arrasateko irabazlea)

Beñat Gaztelumendi Arandia (Oiartzungo irabazlea)

Jon Maia Soria (Tolosako irabazlea)

Alaia Martin Etxebeste (puntuazioz lehenengoa)

Ane Labaka Mayoz (puntuazioz bigarrena)

Oihana Iguaran Barandiaran (puntuazioz hirugarrena)

Beñat Lizaso Alberdi (puntuazioz laugarrena)

Nerea Elustondo Plazaola (puntuazioz bosgarrena)

 

Bestalde, aurtengo Txapelketako irabazleari Xabier Gaztelumendik (Añorga, 1961) jantziko dio txapela, finalean. Bertsozalea betidanik izan den arren, Bertsozale Elkartea barru-barrutik ezagutu eta bizi izan du Gaztelumendik: 2002tik Elkartean inurri lan nekaezinean aritu da, lehen zortzi urtetan diruzaina izan zen, eta hurrengo zortzi urtetan, berriz, idazkaria. Tarte horretan Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, Batzorde Ttipiko kide, eta eguneroko lanak eta kontu operatiboak kudeatzen aritu da Administrazio Saileko langileekin. Ezinbesteko lanak eta gehiago egin dituela dio Bertsozalek eta Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, “berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa”.

Denetara hamabost saio izan ditu irailaren 14an Oñatiko Santa Ana antzokian hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. 48 izan dira parte hartu duten bertsolariak, horietatik 34k maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko hamalau bertsolariek berriz, duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatuta eskuratu zuten.

Abenduaren 14an jokatuko da finala, 17:00etan, Donostia Arenan (Illunbe). Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte salgai.

Finalari buruzko informazio gehiago webgune honetako saioak atalean jarri dituzte eskuragarri.

 

 

 

 

 

Zabaldu: