‘Bada Garaia’ ekimena aurkeztu dute txosnetako debekuak amaitzeko eskatzeko

Ekimenarekin batera, Bada Garaia kanta eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte. Abestia Kiliki, Mirua, Maixa eta Malakias musikariek sortu dute, eta ikus-entzunezkoan hainbat belaunalditako artistak elkartu dira. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Anje Duhalde, Bernardo Atxaga, Josu Zabala, Roberto Moso, Gari, Neomak, Antton Telleria, Beñat Herdoil, Euskoprincess eta Borla.

Sortzaile eta kulturgile talde batek Bada Garaia ekimena aurkeztu du, Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistako eragileei ezartzen zaien debekua amaitu dadin eskatzeko. Ekimenaren bidez, jai herrikoietan parte hartzea herri eragile guztien eskubidea izan behar dela aldarrikatu dute, eta egoerari behin betiko irtenbidea emateko deia egin dute.

Ekimenaren sustatzaileek gogorarazi dute urteak direla Bilboko Luberri Konpartsari eta Gasteizko GKSri zein Etxebizitza Sindikatuari jai eremuetan normaltasunez parte hartzeko aukera ukatzen zaiela. Duela bi urte, gainera, 150 artista baino gehiagok gutun bat sinatu zuten egoerari irtenbidea ematea eskatzeko, baina, adierazi dutenez, auziak konpondu gabe jarraitzen du.

Javier Jorajuria J Martina taldeko musikariak azaldu duenez, jai herrikoiek herri eragile guztientzat irekita egon beharko lukete: “nork bere izaera eta aldarriekin, jaiak gozatzeko eta ospatzeko lekua izan behar luke, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe”. Musikari nafarraren hitzetan, kulturgile asko batu dira ekimenera, egoera “kezkaz” bizi dutelako.

Ekimenarekin batera, Bada Garaia kanta eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte. Abestia Kiliki, Mirua, Maixa eta Malakias musikariek sortu dute, eta ikus-entzunezkoan hainbat belaunalditako artistak elkartu dira. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Anje Duhalde, Bernardo Atxaga, Josu Zabala, Roberto Moso, Gari, Neomak, Antton Telleria, Beñat Herdoil, Euskoprincess eta Borla.

Sustatzaileek kantuaren atzean “denontzako jai herrikoien aldeko ekimenarekin bat egin duten dozenaka artistaren indarra” dagoela ere adierazi dute. Haien nahia da uda honetan kantua txosnaguneetan entzutea, “beto zentzugabe honi irtenbide bat ematea” eskatzen duen oihu kolektibo gisa.

Datozen asteetan ekimenak babes gehiago plazaratuko dituela iragarri dute, eta ekainaren 4rako hitzordu berria ere iragarri dute: Bilboko Kafe Antzokian jaialdi bat egingo dute, kantua zuzenean lehen aldiz aurkezteko eta ekimenarekin bat egin duten kulturgileen zerrenda ezagutarazteko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna