Euskal kulturari eskainitako egitasmoak adin guztietako publikoari zuzendutako bost ikuskizun eta lantegi eskainiko ditu Juslarrocha Civivox eta Sanduzelai Civivox espazioetan.
Euskal kulturari begirako proposamenak bilduko ditu aurten ere Piztuta! Euskal Kultur Begirada egitasmoak, maiatzaren 22tik 30era bitartean, Iruñeko Juslarrocha Civivox eta Sanduzelai Civivox espazioetan. Zikloak adin guztietako publikoari zuzendutako jarduerak eskainiko ditu, haur eta nerabeei bereziki bideratutako ekintzekin, euskarazko sorkuntza ardatz hartuta.
Egitarauak bost ikuskizun eta lantegi bilduko ditu, eta sarrera librea izango da, aldez aurretik 010 telefonoaren bidez, Civivox sarean edo http://www.pamplonaescultura.es/eu webgunearen bitartez izena emanda.
Zikloa maiatzaren 22an, ostirala, 19:30ean inauguratuko da Bihar, atzo, gaur, bihar izeneko irakurketa musikatuarekin. Emanaldian Iban Zaldua idazleak eta Ibil Bedi taldeak parte hartuko dute. Kontakizunek eta musikak iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko hariak nahastuko dituzte, elezaharra, saiakera, (des)amodioa eta zientzia-fikzioa uztartuz.
Maiatzaren 29an, berriz, arratsaldeko 19:30ean, Jokai konpainiak Arnasa lana estreinatuko du Sanduzelai Civivoxn. Antzerkia, dantza garaikidea eta musika uztartzen dituen proposamen honek esperientzia sentsorial bat eskainiko du, ikus-entzuleei gelditzeko, arnasteko eta entzuteko gonbita eginez.
Mintzaira eszeniko hibridoaren bidez, obrak egunerokotasun zaratatsu batean isiltasunaren eta entzute aktiboaren garrantzia azpimarratzen duen bidaia poetikoa proposatzen du. Horrela, egitasmoak euskal sorkuntza garaikidearen hainbat adierazpen jendaurrean jartzea du helburu, diziplina eta publiko desberdinak elkartuz.
Haur eta nerabeentzako eskaintza
Aurtengo zikloaren barruan antolatutako haur eta nerabeentzako jardueren artean, Bea Larrañagak Donna Bufona ikuskizuna taularatuko du maiatzaren 23an, 12:00etan. Antolatzaileen esanetan, “ikuskizun dibertigarri, gogoetatsu eta bufoi erakoa da, eta Donna du protagonista; Donna pailazo bat da, eta jolasa, umorea eta kontakizunak abiapuntu hartuta, gaur egunera nola iritsi diren jakin ezin ohi den anekdota eta tradizioak proposatzen dizkie ikus-entzuleei”.
Maiatzaren 30ean, larunbatarekin, haur eta nerabeentzako bi proposamen izango dira: 12:00etan, Juslarrocha Civivoxean, material birziklatu eta berrerabiliekin jolasak sortzeko lantegiaren txanda izango da. Jolasak sortuko dira, ludikoa den horren oinarrira bueltatzeko: gauza sinple eta dibertigarrien bidez jolastu eta entretenitzea. 5 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta Prospero Teatro konpainiako Leire Catalak emango du.
Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Abentura kuantikoa (Eidabe konpainia) ikuskizunak antzerkia eta zientzia uztartuko ditu. Qubit inspektorea eta bere laguntzailea prest daude kasu berezi eta misteriotsu bati aurre egiteko. Katu bat kutxa batean agertzen da eta ez dakite bizirik edo hilda dagoen. Hori jakiteko ordenagailu kuantiko bat beharko dute, eta hura martxan jartzeko, ezinbestekoa izango dute ikus-entzuleen laguntza.