Jarduera honetan ikasleak dira protagonista: hauteskunde-mahaia osatzen dute, eta lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan aritzen dira, hauteskunde-prozesua modu praktikoan ezagutuz eta demokratikoki parte hartuz.
Euskal Herriko ikastoletan JUUL hauteskunde literarioen eguna ospatuko dute apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. 28. edizio honetan, ikasleek euren gustukoen duten liburuari emango diote botoa, eta zenbait kasutan, baita ilustratzailerik gogokoenari ere.
Hauteskunde hauek euskarazko irakurzaletasuna sustatzea dute helburu, eta ikastolen eguneroko hezkuntza-lanarekin lotzen dira. Jarduera honetan ikasleak dira protagonista: hauteskunde-mahaia osatzen dute, eta lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan aritzen dira, hauteskunde-prozesua modu praktikoan ezagutuz eta demokratikoki parte hartuz.
Ikastolen Elkarteak azaldu duenez, “bozketa bi eratara egingo da: boto-txartelaren bidez eta boto elektronikoaren bidez”. JUUL webgunea, bozketa egiteko plataformaz gain, irakasleentzat irakurketa sustatzeko baliabideen bilgune ere bada: www.juulkanpaina.eus.
Aurtengo deialdian, Euskal Herri osoko ikastoletako 14.800 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute. Botoa emango duten ikasleak honako mailetan sailkatzen dira: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza (hainbat ziklotan banatuta) eta DBH; halaber, ilustratzailerik onena aukeratzeko atala ere izango bozketa-prozesuan.
Emaitzak, dena ongi badoa, egun berean jakinaraziko dira, kontaketa amaitu ondoren.