(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Pantailen erabilera murriztea eta ikasleen ahalduntze digitala sustatzea erabaki dute Ikastolek

Euskal Herriko Ikastolek Estrategia Digital berria aurkeztu dute Gasteizen. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetan gailuen erabilera saihestuko dute, eta datorren ikasturtean ahalduntze digitala lantzeko ikaskuntza-esperientzia berria jarriko dute martxan DBHn.

Ikasleen konpetentzia digitala garatzeko eta teknologiaren erabilera hezkuntza-beharretara egokitzeko estrategia berria prestatu dute Euskal Herriko Ikastolek. Bi urteko lanketaren ondoren, pantailen erabilera murriztea, ikasgeletan gailuak sartzeko adina atzeratzea eta ahalduntze digitala berariaz lantzea erabaki dute.

“Mundu digital batean bizitzeko, digitalki ahaldunduak diren herritarrak hezi behar ditugu”, adierazi du Zigor Ibarzabal Ikastolen hezkuntza zuzendariak, Gasteizko Armentia Ikastolan egindako aurkezpenean.

Estrategia Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearekin egindako ikerketan eta hainbat arlotako adituen ekarpenetan oinarritzen da. Amaia Arroyo Sagasta irakasle-ikertzaileak azaldu duenez, “teknologiak ikaskuntza aberastu dezake, baina ez beti eta ez edozein modutan. Testuinguru, baliabide eta momentu egokietan erabiltzen denean du balioa. Gailu bat ez da berez ikaskuntza-tresna: pedagogiak markatzen du erabilera”.

Pantailen erabilera, hezkuntza-etaparen arabera

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetan ez dute gailurik erabiliko ohiko jardunean. Konpetentzia digitalaren lehen oinarriak jolasaren eta esperimentazioaren bidez landuko dituzte, modu analogikoan.

Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan hasiko dira online jarduerak, irakasleen gidaritzapean. Bosgarren eta seigarren mailetan, berriz, konpetentzia digitalaren lanketa sistematizatuko dute.

DBHn, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleek teknologiaren erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria landuko dute. Horretarako, datorren ikasturtean ikaskuntza-esperientzia espezifiko bat abiatuko dute.

Burujabetza teknologikoa ere helburu

Estrategiak burujabetza teknologikorako bide-orria ere jasotzen du. Besteak beste, software librea eta kode irekia lehenestea, datuen babesa bermatzea, tokiko hornitzaileen alde egitea eta kanpoko plataforma teknologikoekiko mendekotasuna murriztea proposatzen dute.

Horrez gain, familientzako lan-saioak eta irakasleentzako prestakuntza-planak aurreikusi dituzte. Ibarzabalen esanetan, helburua da “komunitate osoak partekatutako begirada bat eraikitzea”, teknologiaren erabilerari buruzko irizpideak ikastolen eta familien artean lantzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna