Azaroaren 30era arte egongo da erakusketa ikusgai, Ezkion.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak Chateau de Seix (Courserans) eta Espacio Pirineos-ekin batera (Graus, Hueska), Patrim+ sareko mugaz gaindiko egonaldi artistikoen programan parte hartu du uda honetan eta prozesua azaroaren 30era arte museoan ikusgai egongo den Nathalia Heim artista argentinarraren Lurraldeak erakusketarekin amaituko da. Gipuzkoan antolatzen den mugaz gaindiko lehen egonaldia da.
Landa inguruko emakumeen kartografia ondu du Heimek Patrim+ proiektuaren barruan. “Museoaren gaiak gaurkotasunetik berrikustea eta ezaguera berriak sortzea da Igartubeitiren asmoa eta kasu honetan, landa inguruko emakumearen rolaren gaineko hausnarketatik abiatuta”, azaldu du Kizkitza Ugarteburu Igartubeiti museoko arduradunak. Horretarako, 30 egunez, Urola Garaiko eta Goierriko hamazortzi emakumeri elkarrizketak eta argazkiak egin dizkie Heimek. “Helburua normalean landa inguruneko emakume moduan ulertzen dena auzitan jartzea izan da, bakoitzaren historia pertsonalean barrena eginiko ibilaldi baten bitartez”, azpimarratu du artista bisualak.
Heimek emakume bakoitzak bizitakoarekiko eta ingurunearekiko ezartzen dituen emozio eta loturen erretratuen forman itzulpen poetikoa burutu du.
Informazio gehiago hemen.