Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.
Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte Donostian: Lutxo Egiaren Guardasol gorria eta Ximun Fuchs eta Axut! kolektiboaren Lurrez estali.
Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.
Susa argitaletxeak zehaztu duenez, Lutxo Egia idazlearen hiru antzezlan eta performance bat biltzen ditu Guardasol gorria liburuak: Hamalau, Free tour eta Identitarteak obrak batetik, Haren da nire performancearen lekukotza bestetik, azken hau Harkaitz Cano eta Ana Galarragarekin elkarlanean. “Liburu honetan biltzen direnak egilearen trans-obsesio unibertso ederraren parte bat baino ez dira, jolasean, performancean, trantsizioan, kritikan eta umorean oinarrituta beti. Ezinbesteko begirada bat behar bezala transformatzen ez dakien jendarte horri”.
Lurrez estali
Bestalde, “antzerki herrikoiari fidel, nortasun ageriko pertsonaiak marrazten dizkigu Ximun Fuchsek, irakurlearen begietara berehalakoan identifikagarriak, eta beraien arteko jokoan sortuko ditu umorerako paradak, baina baita hunkipenak estutzerainoko momentuak ere”, azaldu argitaletxeak. “Ez du distantzia batetik idazten ordea. Berak sortutako pertsonaiekin barre egingo dugu, edo negar, baina idazlea ez da beraiez trufatzen, eta ez du beraiekin errukirik adierazten. Auzokoak ditu azken finean; bera ere sentitzen da haien parte. Horrek egiten du antzerki hau hain egiazkoa”.
Lurrez estali laborantzari buruzko antzezlan bat da; laborantzan jarduten dutenen zailtasun eta arazoak plazara ateratzen dituena. “Garai bateko antzerkiaren oihartzunak, gure garaietara ekarriak. Konplexurik gabe. Beti erakutsi izan duen atrebentziaren gainetik, premisa argi bat duelako Axut! kolektiboak. Badakite zeinentzat eta zertarako egin nahi duten antzerkia”, nabarmendu du Susak.