Museo Bikoitza programan sortutako instalazioa da artista nafarrarena eta urtebetez egongo da ikusgai museoko elizan.
Donostiako San Telmo Museoak Maddi Barberren (Artzibar, 1988) Harria eta Poltsa instalazioa aurkeztu du, Museo Bikoitza programaren barruan. Azaroaren 16tik aurrera urtebetez museoko elizan ikusgai izango da.
Instalazio honek bi elementu ditu: film bat eta pantaila bat. Filma San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgiltzen da. Jarraipen hau artxiboko materialekin tartekatuz, lanak arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu desberdinak ere. Bestalde, pantailak “agerpen eta harrera” egitura baten gisa dihardu, beste desplazamendu mota bat ahalbidetzen duen gailu mugikor baten gisa: irudien desplazamendua.
Bi elementuak, orain instalazio honetan elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo Museoaren bilduman integratzerakoan; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak.
Harria eta Poltsa hainbat lankidetzarekin sortu du Barberrek: Jonander Aguirre, Fran Fraca eta Iruinox pantailaren diseinuan eta eraikuntzan; Mirari Echavarri, Maite Redondo, Gerard Ortin, Xabier Erkizia, Ione Atenea, Armando Llanos Ortiz de Landaluze, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskadiko Filmategia filmaren produkzioan; eta FFraca (design office) eta Maite Zabaleta diseinu grafikoan.
Instalazioaz gain, artistaren sormen prozesuan zeharreko oharrak eta gogoetak biltzen dituen zabalgarri bat egin dute. Irudiak eta testuak uztartzen dituen euskarri hau Harria eta Poltsaren sorrera eta lan prozesua jarraitzeko erabilgarria den tresna da.
Pantaila museoko elizan jarrita egongo den urtean zehar, hainbat aldiz “aktibatuko” da beste proiekzio batzuekin. Museoak jorratzen dituen gaiekin lotura duten testuinguru hurbileko artista eta zinemagileen lanak hartuko ditu.