Epaimahaiaren arabera, liburuak emakumetasunarekiko eta feminismoarekiko begirada freskoa erakusten du, baina lirikotasunari eutsita”.
Eskuan beti zerbait liburua itzultzaile gisa ezagutu dugun Maialen Berasategiren lehen poema liburua da eta honekin eskuratu du, hain zuzen ere, DK Poesia Lehiaketako IV. sari nagusia. Gasteizen jaioa 1989an, itzulpengintzan eta interpretazioan lizentziaduna da, eta Berria egunkariko euskara taldean ari da zuzentzaile eta itzultzaile lanetan.
Epaimahaiaren arabera, “Eskuan beti zerbait liburuak emakumetasunarekiko eta feminismoarekiko begirada freskoa erakusten du, baina lirikotasunari eutsita”. Aldi berean, Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko arduradunak azpimarratu du sumatzen dela Berasategiren lana euskararekin lotuta dagoela, oso ondo idatzita dagoelako.
Egilea zuzenean ikusteko aukera izango dugu ekainaren 14an, iluntzeko 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan egingo den 2021eko Poesia eta Pentsamendua errezitalean.
Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten DK Poesia Lehiaketa. Eta ari da fruituak ematen. Duela hiru urte Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen saria Azalberritze bat lanarekin. 2019an, berriz, Gorka Salcesek eskuratu zuen aitortza Iraganaren izterrak obrarekin, eta finalista izandako Elena Olavek Zeldak poema-liburua kaleratu zuen geroago. Iaz, Lizar Begoñak irabazi zuen saria Aro beilegia liburuarekin.