(argazkia: Donostia Kultura)

Maitane Bautista artistaren erakusketa Donostiako Ilustratzailearen txokoan ikusgai bihartik aurrera

Mungiakoak sortutako ilustrazioak datorren martxoaren 17ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Maitane Bautista ilustratzaileak (Mungia, 1996) Sorkuntza eta Diseinuko Gradu ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere formakuntzan zehar, ilustrazioari loturiko ikasgai espezifikoetan murgildu zen eta horrek piztu zuen egun haur-ilustrazioarekiko duen interesa.

Bere ilustratzaile ibilbidea Ibaizabal argitaletxearekin abiatu zen. Bi urtez testuliburuak sortzeko prozesuan laguntzeko aukera izan zuen eta hala ulertu zuen ilustrazioek hezkuntzan eta haurren garapenean izan dezaketen garrantzia.

Haur Literaturaren esparruari dagokionez, argitaletxe berarekin elkarlanean, bi liburu argitaratu ditu: Vivim del cuentu kolektiboak idatzitako Olentzero ipuinen herrialdean (Ibaizabal, 2022) eta Nahikari Gabilondok idatzitako Tximeletak eta gozokiak (Ibaizabal, 2022) liburuen ilustrazio lanak egin ditu.

Teknika digitalak erabiltzen ditu bere sorkuntzei bizia emateko, programa digitalek eskaintzen dituzten ehundurei eta efektuei etekina ateraz. Bere helburu nagusia fantasiarekin modu sotilean konektatzen diren munduak eraikitzea da, eskalak eta koloreak arakatuz, irakurle gazteen irudimena suspertzeko.

Egun, Bilbon egiten du lan, Rombau estudioan, ilustratzaile eta diseinatzaile-grafiko gisa.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata eta Arkaitz Barriola. Orain, Maitane Bautistaren txanda da.

Zabaldu: