Itsaso Cruz, Berdintasun zinegotzia; Bernar Lemos, EH Bilduren bozeramailea; Aizpea Otaegi, alkatea; Maite Gartzia, Elkarrekin Podemosen bozeramailea eta Kultura zinegotzia; eta Leire Mazizior, Udal Hizkuntza Politika zinegotzia. (argazkia: Errenteriako Udala)

Biktimekiko babesa jarri ditu erdigunean Errenteriako Udalak

Azken hilabeteetan ezagututako eraso matxisten harira, Udalak azalpen publikoa eman du, biktimen konfidentzialtasuna, zaintza eta ikuspegi feminista lehenetsiz.

Errenteriako Udalak azken egunotan hizpide izan diren indarkeria matxistarekin lotutako udal-kudeaketaren inguruko prentsaurrekoa eskaini du. Udalak gogorarazi du Bertso Eskola udal zerbitzu bat dela, lizitazio publiko bidez Xenpelar Bertso Eskola Elkarteak kudeatzen duena.

Salaketen berri izan bezain pronto, udalak Bertso Eskolako ikasleen gurasoekin bilera egin zuela azaldu du. Saio horretan, udal ordezkariekin batera, indarkeria matxistan aditua den profesional batek ere parte hartu zuen, familiei lehen momentutik laguntza eskaintzeko helburuz. Gainera, gurasoei jakinarazi zitzaien udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela biktimak, familiak eta ingurukoak artatzeko eta laguntzeko.

Gobernu taldeak adierazi du biktimek mugimendu feministaren eta Bertsozale Elkartearen bidez eman zutela egoeraren berri, eta ordutik udalaren lehentasuna biktimen babesa eta haien borondatea errespetatzea izan dela.

Jon Mayaren inguruko auzia

Agerraldian Jon Mayaren eta Kukai dantza konpainiaren inguruko auzia ere izan dute hizpide. Udalaren arabera, 2024ko abenduan izan zuten kanal informalen bidez Jon Mayaren aurkako salaketen berri. Berdintasun zinegotziak eta alkateak jakin zuten mugimendu feministak hainbat biktimaren testigantzak bildu zituela.

Horren ostean, udala Kukairekin harremanetan jarri zen, baita indarkeria matxistan aditua den talde profesional batekin ere, egoeraren kudeaketa egokia bermatzeko. Udalak azaldu duenez, une hartan Mayak salaketak onartu zituen, bere jarduera publikoa eten zuen eta bere jokabideen inguruko berrikuspen kritiko bat abiatzeko konpromisoa hartu zuen. Era berean, Kukairen ordezkaritza legala aldatu zen eta ordutik udalaren harremana konpainiako lehendakariarekin izan dela zehaztu dute.

Udalak azaldu duenez, Jon Maya jarduera publikora itzultzeak eta Kukairen gidaritza taldeko kide batek sinatutako ohar batek “krisi bat” eragin zuten udalaren eta konpainiaren artean. Horregatik, 2026rako harremana “izoztuta” mantentzen dutela adierazi dute.

Gobernu taldeak kritikatu du azken egunetan auziaren inguruan piztu den eztabaida politikoa, eta alderdi guztiei eskatu die biktimak ez erabiltzeko interes partidistetarako.

Aizpea Otaegi alkateak adierazi duenez, “7 urte daramatzat alkate, eta gauza asko ikusi, bizi eta kudeatzea tokatu zait, baina herriarentzat hain gordinak eta mingarriak diren bi auzi hauen aurrean, biktimak ahaztu, azpiratu, eta etekin politikoa ateratzeko nahia nola gailendu den ikustea bereziki gogorra zait”.

Halaber, mugimendu feministaren lana nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete salatzeko pausoa eman duten emakumeei nahiz mugimendu feministari, “emakume askoren erreferentziazko babesleku” izateagatik. “Gure lehentasuna beti izango da biktimen segurtasuna eta ongizatea, eta beti jarriko ditugu erdigunean, euren eskaerak eta erritmoak”, nabarmendu du Otaegik.

Amaitzeko, udalak berriz azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeriak eta indarkeria sexistak ez dutela lekurik gizarteko inolako eremutan, eta babes osoa adierazi die erasoen biktima izan diren emakumeei eta, Bertso Eskolaren kasuan, neska gazteei, baita haien familiei eta ingurukoei ere.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna