Euskaraz egiten den ahozko jardunari (euskarazko hizkerari) buruzko ikerketa zientifikoak bultzatzeko xedea du deialdi berriak. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea martxoaren 31ra artekoa izango da.
Iaztik ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazioan eta sustapenean ari da Mintzola. Euskaltzaindiak ildo horri jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko bi deialdi berri egin ditu, Mintzolaren eskutik. Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko zazpi gradu- eta master-amaierako lan sarituko dira (bakoitza 1.500 eurorekin); bigarrenean, berriz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta hiru sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.
Gradu- eta master-amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkeztu daitezkeen egitasmoak 2022-2023 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bidali behar dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2023ko martxoaren 31ra artekoa izango da.
Ikerketa-lanei dagokionez, deialdi honetan ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 30era artekoa izango da. Jakingarri guztiak atari honetan: www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/
Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: mintzola@euskaltzaindia.eus
2022ko urtarriletik, eta askotariko eragileen babesa tarteko dela, Euskaltzaindiak abian dauka Mintzola. Egitasmoaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. Honela, ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jarduten du Mintzolak.