(argazkia: Euskaltzaindia)

Miren Agur Meabe idazle eta itzultzailea Euskaltzain Oso izendatu dute

Lekeitiarrak Xabier Kintanaren hutsartea beteko du Euskaltzaindian. Meabek zortzi hilabeteko tartea izango du sarrera-hitzaldia paratzeko.

Euskaltzaindiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egin duen Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Miren Agur Meabek erdietsi du Akademiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa.

Euskararen Akademiak gogoratu duenez, 2021eko urrian, Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran, Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Kintana euskaltzain osoa; Izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Ondoren, 2022ko urtarrilaren 28an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Bilbon egin zen Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe, hain zuzen, eta gaurko bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu izan da urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsia da, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik.

Baina literatur itzulpengintzan ere aritzen da tarteka. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.

Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia Hemendik (2015) aipatu behar dira. Era berean, haren testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera ere itzuli dituzte.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an, ibilbide oparo horren esker onez.

Zabaldu: