Musika Bulegoak ‘Kanthoria eta Autotunea’ erakusketa paratu du Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean

Dokumentu, audio eta ikus-entzunezko materialen bidez, euskarazko musikaren bilakaeraren irakurketa zabala proposatzen du erakusketak.

Musika Bulegoak eta IAK Kulturguneak bultzatutako Kanthoria eta Autotunea erakusketak euskarazko musikaren bilakaeran zehar ibilbide bat proposatzen du, ahozko tradizioan bildutako lehen kantuetatik hasita, musika sortzeko egungo forma hibrido eta digitaletaraino.

Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu sortzaileak komisariatutako erakusketa Musika Bulegoaren 10. urteurrenerako antolatutako jardueren artean kokatzen da. 2015etik euskal musika sustatu, ikusarazi eta profesionalizatzeko lanean ibili da elkartea, eta euskarazko ekoizpenari arreta berezia eskaini dio urte guzti hauetan.

Ruth Manzano Musika Bulegoko komunikazio-arduradunak nabarmendu duenez, “erakusketa honek kalera atera nahi du Musika Bulegotik egiten egon garen lana, herritarrak euskarazko musikaren historia eta aniztasunera hurbilduz. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure hamargarren urteurrena proposamen ireki batekin ospatzea, gure musika-eszenaren iraganera begiratzera gonbidatzen gaituena, baita etorkizunera ere”.

Zortzi ardatz tematiko

Zortzi panelek osatzen dute erakusketa, orden kronologikoan zeharkatuz euskarazko musikan giltzarriak izan direnak eta hauek Euskal Herrian izan duten hedapena:

  1. Arkeologia: erregistro idatzietatik hasi eta lehen soinu-erregistroetara arte.
  2. Ahozkotasunetik: abestien transmisio-bide anitzak.
  3. Alfabetatzea: euskarazko abestiak gizarte-errealitatera izan duen egokitzea.
  4. Eklosioa: euskarak pop eta rock estilo berriei egindako ekarpena eta profesionalizazioa.
  5. Komunikabideak: musika-industria berri baterako sareen sortzea.
  6. Diskoetxeak: zigilu klasikoen finkatzetik autoprodukziora.
  7. Hibridoak: entzuleen dibertsifikazioa eta musika-hizkuntzak.
  8. Makroa: masifikazioaren erronkak.

Dokumentu, audio eta ikus-entzunezko materialen bidez, euskarazko musikaren bilakaeraren irakurketa zabala proposatzen du erakusketak; nortasunaren, industriaren eta esperimentazioaren arteko etengabeko eraldaketarako espazio gisa ulertuz.

Jon Bagües musikologo eta erakusketaren sorkuntza prozesuaren parte-hartzailearen hitzetan, “erakusketak euskarazko musikaren bilakaeraren errepasoa eskaini nahi die herritarrei, euskarazko musika taldeen lehen erregistroetatik azken korronte eta arazoetara arte”.

Raul Urkiza IAK Kulturguneko programazio arduradunak adierazi duenez, “erakusketak euskaraz sortutako musikaren historia errepasatzen du. Hau IAK-ren helburu eta aretoaren programazioarekin eskutik doa, horregatik pozik gaude hemen edukitzeaz “.

Jarduera osagarrien programa

Apirilak 16

  • 19:00 – Ateak irekitzea
  • 20:30 – Galderren Kontzertua (Sarrerak erosi)

Apirilak 24

  • 19:00 – Xabier Erkiziarekin bisita gidatua (izen-ematea beharrezkoa)
  • 19:30 – Iaiaia Irrintzi Performance-a

Maiatzak 6

  • 19:00 – Mahai-ingurua: Zer leku du konpromiso politikoak euskal musikan? o Gidaria: Jon Basaguren. Hizlariak: Birkite Alonso, Josu Zabala eta Sara Alonso.

Zabaldu:

Utzi erantzuna