Musikeneren Mediateka Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) integratzeko hitzarmena onartu du Eusko Jaurlaritzak. Horri esker, musikaren arloko 40.500 bibliografia-erregistro baino gehiago Bilgunearen bidez kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek eta ikertzaileek.
Musikeneren Mediateka EAEko Liburutegi Sisteman integratuko da, eta haren funts bibliografiko espezializatuak Bilgunearen bidez eskuratu ahal izango dira. Gobernu Kontseiluak onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Musikene Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena, musikaren arloko dokumentazio espezializatuaren irisgarritasuna eta ikusgarritasuna handitzeko.
Akordioaren helburua da Musikeneren bilduma espezializatua herritarren eta ikertzaileen eskura jartzea. Horrela, EAEko musikaren arloko dokumentazio-zentro espezializatu garrantzitsuenetako baten funtsak katalogo kolektibo bakar baten bidez kontsultatu ahal izango dira, bildumaren titulartasuna Musikenerena izaten jarraituko duen arren.
Integrazioa pixkanaka egingo da, funtsak Katalogo Kolektiboan txertatzen diren neurrian. Horrek aukera emango du musikarekin lotutako baliabide bibliografiko espezializatuak errazago aurkitzeko eta kontsultatzeko, dokumentazioaren zabalkundea indartuz.
Gaur egun, Musikeneren Mediatekak 40.500 bibliografia-erregistro baino gehiago biltzen ditu, eta Euskal Herriko musikaren arloko dokumentazio-zentro espezializatu nagusietako bat da. Bilduman partiturak, liburuak, aldizkariak eta musikarekin lotutako bestelako materialak daude, irakaskuntzarako zein ikerketarako erreferentziazko baliabide bihurtu direnak.
Onartutako hitzarmenak ez du kostu ekonomikorik izango sinatzaileentzat, eta bi erakundeen arteko lankidetza sendotzea du helburu, musikaren inguruko ezagutza eta dokumentazio espezializatua herritarren eskura jartzeko.