Loraldia euskal kulturaren ordezkari izango da Galesko National Eisteddfod jaialdian

Gwrando programaren baitan, munduko hizkuntza gutxituetako jaialdi, artista eta kultur eragileekin esperientziak partekatu eta etorkizuneko lankidetzak aztertuko ditu.

Loraldia festibala Galesko National Eisteddfod jaialdian izango da aurten, Wales Arts International erakundeak sustatutako Gwrando programaren barruan. Topaketak munduko hainbat hizkuntza gutxitutako jaialdi, kultur eragile, artista eta hizkuntzen transmisioan diharduten profesionalak elkartuko ditu, esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetza-aukerak aztertzeko.

National Eisteddfod Galesko kultur hitzordu nagusietako bat da. Galeseraz egiten den jaialdi ibiltaria izateaz gain, Europako zaharrenetako bat ere bada, eta urtero milaka lagun biltzen ditu kulturaren, hizkuntzaren eta komunitatearen inguruan. Aurtengo edizioak, gainera, izaera berezia izango du, 850. urteurrena ospatuko baitu. Testuinguru horretan antolatu da Gwrando programa, Nazio Batuen Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadaren barruan, hizkuntza gutxituen biziberritzean arteek eta kulturak duten zeregina aztertzeko.

Loraldiak aukera estrategikotzat jo du gonbidapen hau. Aukera honen bidez, euskaraz sortzen den kulturaren esperientzia nazioarteko testuinguru batean partekatu ahal izango da, eta, aldi berean, beste hizkuntza gutxitu batzuetako jaialdi eta kultur eragileekin harreman berriak eraikitzeko beta izango da. Loraldiaren ordezkari gisa Amaia Ocerin komunikazio arduraduna izango da Galesen, eta jaialdiko jardueretan parte hartzeaz gain, nazioarteko beste ordezkariekin batera hizkuntza transmisioari, kultur sorkuntzari, musikari eta nazioarteko truke artistikoei buruzko saioetan izango da.

Programaren berezitasunetako bat izango da parte-hartzaile bakoitzak tokiko “ffrind” edo lagun baten laguntza izango duela, bere interesekin lotutako artista, erakunde eta komunitateak gertutik ezagutzeko. Helburua ez da bisita instituzional hutsa egitea, etorkizunean garatu daitezkeen harreman iraunkorrak eta lankidetza berriak sustatzea baizik.

Loraldiaren ustez, Galeseko egonaldiak urrats berria ekarriko dio euskarazko kulturaren nazioarteko proiekzioari. Festibalak urteotan garatutako esperientziatik abiatuta, beste kultura gutxitu batzuekin elkarrizketa sendotzea, artisten arteko trukeak sustatzea eta etorkizuneko proiektu bateratuak aztertzea izango dira egonaldiaren helburu nagusietako batzuk.

Zabaldu:

Utzi erantzuna