Nafarroako artisten lanak biltzen dituen ‘Formatutik kanpo’ erakusketa zabaldu dute Iruñeko Arma Aretoan

David Anocibar, Maria Azcona, Andrea Ganuza, Pedro Osakar, Carlos Puig eta Juan Sukilbideren obrak jasotzen ditu bildumak eta maiatzaren 4ra arte egongo dira ikusgai.

David Anocibar, Maria Azkona, Andrea Ganuza, Pedro Osakar, Carlos Puig eta Juan Sukilbide artista nafarren lanek osatzen duten erakusketa zabaldu dute Iruñeko Arma Aretoan, maiatzaren 4ra arte. Lehen solairuan jarri dute erakusketa, eta Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren arteko elkarlanaren emaitza da. Azaldu dutenez, “helburua arte plastikoek gure komunitatean duten bizitasunaz hausnartzea da”.

Sei artista hauek “ahots propioa dutelako eta sorkuntza artistikoarekin duten harreman bereziagatik” hautatu dituzte. “Izatez sei erakusketa indibidual dira, eta bakoitzak bere unibertsoa du, irudi eta pentsamendu aberatsez betea; artista bakoitzak plazera sentitzera, hausnartzera eta gogoa berotzera gonbidatzen ditu ikusleak, indar propioz egin ere. Arteak dakarren aberastasuna bizitzeko sei modu dira, ikuspegi berriak eskaintzen dituzten sei mundu”, nabarmendu dute antolatzaileek.

Anocibarren proposamenak elkarrizketa du abiapuntu, funtsezko komunikazio-ekintza baita eguneroko erronkak ulertu eta haiei aurre egiteko. Irudi handiak dira, eta sorkuntza bakoitzaren historia entzutera eta geure baitara biltzera gonbidatzen gaituzte. Azconak, berriz, bere obren errepaso bat egin du, eta laburbiltzea, berrikustea eta ikuspegi berri bat eskaintzea izan da artistaren apustua: horretarako, elementu formalak baliatu ditu beste behin ere margolanetan, eta transzendentzia saihestu.

Ganuzaren hautaketa, bere aldetik, ezarritako arauen aurkako aldarrikapen bat da, askatasunaren aldeko defentsa bat, eta Osakarrek, aldiz, bere Kiosko Proiektua Etxean jan! jarri du ikusgai: zalantza egitea proposatzen du hiritarrek espazio publikoan duten jokabidea zehazten duten arauak irauli eta gainditzeko tresna gisa, eta kritika egiten dio egungo kontsumismoari. Pagoak eta erretaulak dira Puig artistaren margolanetako protagonistak, eta Sukilbidek oparotasuna eta gainezarpena islatu nahi izan ditu, ongi definitutako koloreekin espazio hipnotikoak sortuz.

Formatutik kanpo erakusketa Arma Aretoko lehen solairuan egongo da ikusgai: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.

Zabaldu:

Utzi erantzuna