Nerabeen osasun mentala du ardatz liburuak.
Maitane Ormazabal terapeuta eta coach-a eta Telmo Lazkano Gizarte Zientzietako irakaslea dira Nerabeen garrasia saiakeraren egileak Alberdaniaren eskutik argitaratu dute lana, argitaletxearen hogeita hamargarren urteurrenean. Izan ere, Alberdaniak literatura- eta pentsamendu-lanetan zentratutako bere argitalpen-ildo historikoan argi eta garbi bereizten den proiektu bat katalogoan sartzeko erabakia hartu du.
Liburua argitaratzeko proiektuak zerbitzu publikoko dibulgazio-liburuaren aldeko “apustu irmoa” dakarrela adierazi du Jorge Gimenez Bech editoreak, “gure gizartearen bizi-baldintzak eta garapen ekitatiboa hobetzeko etengabeko zereginean arduratu eta aritzen garenongan sentiberatasun berezia pizten duen arlo batean”, hain zuzen ere.
Editorearen ustez, “datuak berehala eskuratzea guztiontzat obsesio eta, aldi berean, gutxi batzuentzat negozio oparo bihurtu den garai honetan, agindu etikoa da, kulturaren unibertsoan bizi garenontzat bereziki, gogoeta plazaratzea eta, ahal den neurrian, pantailen eta gainerako gailu teknologikoen erabilera akritiko eta esklabizatzaileak eragindako arazo ugari eta larriak saihesten laguntzea, bereziki gure gazte eta nerabeei dagokienez”.
Ahalegin honetan, gaiaren ezagutza sakona duten Lazkano eta Ormazabal izan ditu Alberdaniak bidaide, “haiek sortutako material originala izateko aukera paregabea izan dugu, eta bihotz-bihotzez eskertzen diegu abentura honetan elkarrekin murgiltzeko aukera eskaini digutelako”, nabarmendu du editoreak.
“Zer dakigu nerabeen osasun mentalari buruz? Nondik sortzen dira gaztetxoak atsekabetzen ari diren elikadura nahasmenduak, antsietatea, depresioa, autolesioak eta jokabide suizidak? Zergatik geratzen dira hainbeste gazte beren telefonoen amildegi birtualean ordu amaigabeetan kateatuta? Zer sekretu ezkutatzen dira sare sozialen atzean? Ezinbestekoa da aztertzea sare horien benetako funtzionamendua, inpaktu kognitiboa, emozionala eta mentala, eta, era berean, harreman sano bat bilatzea nonahi dagoen teknologia horrekin. Baina haratago joanda: zer gertatzen ari zaie gure gazteei? Zergatik ugaltzen ari dira osasun mentaleko arazoak aurrekaririk gabeko mailetaraino? Merezi du elikadura-nahasmenduen, antsietatearen, depresioaren, autolesioen eta jokabide suiziden labirintoan murgiltzea, haietan inguruneak izan ditzakeen eragin kezkagarriak argitze aldera. Zerk bultzatzen ditu joera kezkagarri horiek? Zeintzuk dira buru-hausgarri honen gakoak? Eta garrantzitsuena: nola lagundu dezakegu?”, Nerabeen garrasia saiakerak galdera horiei guztiei erantzun nahi die. Horretarako, Ormazabalek eta Lazkanok planteamendu holistiko batetik jorratu dute gaia, zorroztasun handieneko ebidentzia zientifikoa, lehen mailako profesionalen jakintza eta esperientzia, egiaztatutako tresna praktikoak eta patologia horiei aurre egin dieten pertsonen benetako testigantzak bateratuz.
Planteamendua integrala eta erabat dibulgatzailea dela diote, “ulerterraza eta praktikoa, eta tresna praktiko bat eskaintzea du helburu –irakurlearen kualifikazio-maila edozein dela ere–, nerabeen osasun mentalaren mundu konplexua esploratzeko, erronkak prebenitzeko, ulertzeko eta eraginkortasunez heltzeko funtsezko informazioa eskainiz, bereziki eskola-, familia- eta gizarte-esparrutik”, azaldu dute.
Liburua nerabe, gazte, guraso eta orokorrean gizarte osoari zuzenduta dago, batez ere hezkuntza-komunitateari.