Azken urtean antolatu ezin izan diren ekimen guztiak kontuan hartuta eta dispertsioaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta, antolakuntza 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari da.
Pandemiaren eraginez, iazko etenaren ostean, Atarrabiako karpara itzuliko da Hatortxu rock jaia abenduaren 18an. “Gure esku dagoen guztia eginen dugu jai eta aldarrikapen egunaz gozatu eta, era berean, modu arduratsu batean jokatzeko bizi izan dugun osasun krisiaren aurrean. Horretan ere gure indarrak biderkatu beharko ditugu aurten. Denon artean egiten dugu jaialdi hau urtero eta denon artean egin beharko dugu jaialdi hau modu aproposean gauzatu ahal izatea”.
Antolakuntzak berriz ere indarrak batzeko ordua dela nabarmendu du. “Auzolanera itzultzeko garaia da. Guztion ahalegin berezia beharko dugu denbora epe labur honetan elkartasun jaialdia ahalik eta hobekien antolatzeko”.
Datozen asteetan emango dituzte jakitera oholtzara igoko diren taldeak, baita jaialdiaren beraren inguruko informazio osatuagoa eskaini ere.
Sarrerak igande honetan, 20.00etatik aurrera, egongo dira salgai, www.hatortxurock.eus webgunean. Hala ere, iazko edizio berezian sarrera erosi zutenek aurresalmentan lortzeko eskubidea ere bereganatu zuten eta posta elektronikoz aurretik igorriko zaie sarrerak lortzeko aukera. 20 euroko prezioa izango dute sarrerek aurresalmentan eta 25ekoa egunean bertan, oraindik sarrerarik balego. Lortutako etekinak dispertsioaren aurkako lanera bideratuko dira oraingoan ere.
Jaialdiari buruzko informazioa, baina, ez da antolakuntzak eman nahi izan duen berri bakarra, “elkartasun hori erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere bada gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak”.
Horregatik, azken urtean antolatu ezin izan diren ekimen guztiak kontuan hartuta eta dispertsioaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta, uztailean zita berezi bat antolatzeko lanean ari dira. “Oraingoz asko aurreratu ezin dezakegun arren, 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari gara, beti ere koronabirusak eragindako osasun krisiaren egoerak ahalbidetuko balu. Gure ohiko etxean, Atarrabian, izanen da hau ere”.