(argazkia: U.G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] Oihana Arana idazleak gizarteari erreparatzen dioten “poema domestikoak” bildu ditu Lazunak azkazaletan liburuan

Eskoriatzako idazleak Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du bere lehen poema liburua. Sortze prozesuarekin eta emaitzarekin pozik geratu dela aitortu du.

Gizarteari erreparatzen dioten poemak biltzen ditu Lazunak azkazaletan liburuak, baina kritika horrek “txikitik, galderatik eta hausnarketatik du gehiago, zorrotzetik eta zuzenetik baino”, azaldu du Oihana Arana idazleak (Eskoriatza, 2001). “Irakurleak lekua izango du ondorio propioak ateratzeko”, gaineratu du Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak gaur Donostian egin duten liburuaren aurkezpenean.

Liburuan giza harremanak, norbere buruarekin daukagun harremana eta norbere buruaren pertzepzioa ere jorratzen dira, eta baita etxearen kontzeptua ere, “baina etxea oso modu zabalean ulertuta”, zehaztu du egileak, “ez bakarrik bizi garen eremu fisiko hori, baizik eta babeserako edo gatazkarako eremu gisa ulertzen duguna”. Aranak nabarmendu duenez, “poema domestikoak” dira liburuan bildu dituenak, “domestikotasunaren markoaren barruan idatzi nahi izan ditut”, dio.

Lopezen arabera, jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu liburuan, “poemetako batean bezala, lepoa alanbre artean sartzen du ahotsak beste aldean zer dagoen ikusteko. Jolasa behin baino gehiagotan ageri da liburuan. Esango nuke poemek asko dutela ironia bidezko jolasetik eta irakurleari eskatzen zaiola jolas horretan parte hartzeko, fikzioaren jolas aurreprogramatuan”.

Eskoriatzako idazleak lehen liburua du Lazunak azkazaletan eta sortze prozesuarekin eta baita emaitzarekin ere pozik geratu dela aitortu du. “Bidea polita izan da, gatazka momentuak izan dira, baina oro har oso gustura egin dut lan, bai nire buruarekin eta baita ingurukoekin ere”.

Zabaldu: