Ostegun honetan emango diote hasiera aurtengo Bilboko Zirkuitua programari

San Frantziskoko Udaltegian abiatuko da programa Amaia Bono eta Damian Montesdeocaren Malversar lanarekin, urtarrilaren 28an, arratsaldeko 19:00etan.

Antzerkiko tokiko konpainien jarduna bultzatzeko asmoz, Bilboko Zirkuitua ekimenaren hogeigarren edizioa abiatuko dute urtarrilaren 28tik martxoaren 26ra bitartean.

Programak hamalau antzezlan eta dantza ikuskizun eskainiko ditu hiriko konpainien eskutik, Bilboko ondorengo auzoetako azoka eta udaltegietan: Abando, Altamira, Basurtu, Begoña, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, San Frantzisko eta Zorrotza.

Hala, Amaia Bonoren eta Damian Montesdeocaren Malversar lana izango da aurtengo edizioari hasiera emango diona hilaren 28an, arratsaldeko 19:00etan. Malversar obra elkarri lotutako pieza bik osatzen dute: Ahora ya eta Cuando las cobras cosan sentido.

Gainerako proposamenen artean aipatzekoak dira hiru estreinaldi: Laura Samen Arde la palabra, (otsailaren 12an, Castañoseko Udaltegian eta martxoaren 26an Zorrotzako Udaltegian); Juan Carlos Garaizabalen No Más Boleros, Gracias (otsailaren 5ean Basurtuko Udaltegian); eta Asuntos Propios-en Piscolabis, (martxoaren 18an Barrainkuako Udaltegian).

Egitarau honen proposamen guztiak doakoak dira baina gonbidapenekin, 688 603 737 telefonora deituta, ikuskizunaren egunean, 10:00etatik ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagora arte.

Sormenari babesa

Bilboko Zirkuituak bi helburu ditu: bertoko eszena bultzatzea eta antzerkia hiriko auzoetara hurbiltzea. “Programa honen bidez, antzerki eta dantza taldeei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Gainera, aukera paregabea ematen die herritarrei hiriko proposamen artistiko berri eta freskoenak gozatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Bestetik, Bilboko eskaintza kulturala deszentralizatzea du xede ekimenak. “Denborarekin, antzerki-zirkuitu hau ia auzo guztietara zabaldu da; auzoetako askotan hauxe da estalitako eremu batean egiten den arte eszenikoen eskaintza bakarra. Duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri zenetik, eskaintza handituz joan da, emanaldi gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara iritsiz”.

Zabaldu: