Otsailaren 9an abiatuko da Bertsoaroa Iruñean

Sei emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta.

Iaz martxan jarritako egutegi aldaketarekin jarraituz, otsailaren 9an abiatuko da Bertsoaroa Iruñean eta martxoaren 2ra arte luzatuko da. Sei emanaldi izango dira guztira, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta.

Urtero bezala, unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu aurtengo edizioak ere. Programazioaren baitan, hiru bertso jaialdi izango dira, Anonyme Popular izeneko emanaldi berezia, Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra, eta, lehen aldiz Bertsoaroaren baitan, bertso afari bat, kasu honetan zentzumenekin lotua. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute -14 urte artekoen kasuan, doan-, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). Bertso jasa tailerrerako izena eman beharko da aldez aurrez, eta bertso afari sentsorialaren kasuan, Geltokiren webgunean eskuratu beharko dira sarrerak, 21 euroan. Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, edukiera bete arte.

Bertsoaroaren 32. edizioa lehen mailako bertso jaialdi batekin abiatuko da. Ainhoa Larretxea arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako sei bertsolari, tartean, herrialdeetako txapelketetako lau txapeldun. Otsailaren 9an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.

Otsailaren 15ean, Laban, bertsolari gazteen txanda izango da. “Urteak dira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez”.

Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme Popular emanaldiak lur hartuko du Iruñean. Igor Elortzaren gidaritzapean, ikus-entzunezko bertsoak taularatuko ditu obrak; bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak. Elortzaren hitzak eta ahotsak, Rafa Ruedaren doinuek eta soinuek, eta Kulturaz-eko dapatisten irudiek osatzen dute emanaldia. Oier Zuñiga aritu da aholkularitza eszenikoan, eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia. Urtarrilaren 29an estreinatuko da lana Azpeitian, eta Iruñekoa izango da lehen emanaldietako bat. Antzerki Eskolan izango da, 19:00etan.

Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra eskainiko da, otsailaren 18an, Arrosadiako Civivoxean.  Jarduera hau haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 16a baino lehen.

Otsailaren 23an, ohiko gisan, bigarren bertso jaialdi bat izango da, Antzerki Eskolan. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzeagokoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Denen artean, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute. 19:00etan hasiko da jaialdia.

Modu berezian bukatuko da aurtengo Bertsoaroa; izan ere, lehen aldiz, bertso afari bat izango da egitarauaren baitan. Ez da bertso afari arrunta izango, dena dela; zentzumenak jolasean jarriko dituzte bertsolariek, afalaurretik zein ostean. Geltokin egingo da, eta tokia izango dute produkzio ekologikoan dabiltzan gertuko hainbat ekoizlek ere.

Leire Urbeltzen irudia

Leire Urbeltz Munuce ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia, eta Elizondoko Malmö estudioaren laguntza izan du diseinu grafikoan. Hala azaldu du Urbeltzek irudiaren jatorrizko ideia: “2023ko Bertsoaroaren irudian, zehar-mintzo eta ibilbide landuen bidez, bertsoak botatzeko neurriz gaineko diskurtso-gailu sofistikatua aurkezten dugu. Bitxikeri honek normalean kate-erreakzio bat sortzen du: metrika, errima eta patroiekin jolastuz zentzu sakona duen bat-bateko hartu emanak eragiten baititu”.

Zabaldu: